Urtarrilaren 31n galdeketa batean parte hartu zuten Tubos Reunidoseko 272 langilek (30 nulutzat jo zituzten), lan hitzarmen berria dela eta. Gaur enpresa batzordeak bilera egin du horren balorazioa egiteko eta, ELA eta ESK sindikatuen iritziaren kontra, gehiengoak (hau da, UGTk, CCOOk eta LABek) erabaki dute bozketa loteslea ez izatea.
Izan ere, indarrean dagoen lan hitzarmenaren arabera, langile taldearen erdiak baino gehiagok babestu behar du proposamena eta kolektiboaren erdiak ez zuen parte hartu deialdian, soilik %32,65. Guztira, 833 beharginek osatzen dute taldea.
Hala ere, beharginen ordezkariek adostu dute langileen bi aldarrikapen eramatea gaur zuzendaritzarekin izandako bilerara, eta enpresak proposatu dituen bi puntu bertan behera geratzea. Alde batetik, iradoki dute bajei lotutako osagarria ez kentzea proba medikuak aurreratzea onartzen ez duten beharginentzat. Bestetik, postu mugikortasuna ez ezartzea exijitu dute.
Printzipioz, zuzendaritzak ezezko borobilarekin erantzun du eta gaineratu du bi elementu horiek desagertuta, proposatutako hobekuntza guztiak ere kenduko dituztela. Izan ere, konpainiako arduradunentzat, bi artikulu horiek baldintzatzen dute lan hitzarmenaren proposamen orokorra eta baliorik gabe uzteak suposatuko luke negoziazioa berriro hastea.
Gauzak horrela, hurrengo astean bilduko da berriro enpresa batzordea egoera baloratzeko.