Lehen mailako estreinaldi bikaina egin zuen atzo Iker Larrazabal amurrioarrak Tafallako Ereta pilotalekuan jokatutako Binakako Txapelketako partidan. Mikel Urrutikoetxearen lesioa tarteko, honen ordezko bezala egin du debuta goi-mailako txapelketan, Jon Ander Albisu atzelariarekin batera.
Aspe enpresako Peio Etxebarriak eta Beñat Rezustak osatutako bikotea izan zuten bart aurrez aurre Larrazabalek eta Albisuk. Partida orekatua izan zen atsedenaldira arte. Une horretatik aurrera Baiko enpresako bikotea izan zen nagusi, partida 22-17 irabaziz.
Arabarrak frontoian
Urteak ziren arabar batek ez zuela Binakako Txapelketa profesionalean jokatzen, eta aurrelari amurrioarrak dinamika horrekin apurtu zuen bart. 2001ean izan zen arabar batek txapelketan parte hartu zuen azken aldia. Arroyo II izan zen pilotari arabar hura, eta bera ere ordezko bezala batu zen Binakako Txapelketara.
Ibilbide oparoa du orain aurretik Larrazabalek. 18 urterekin egin zuen debuta profesional kategorian, Baiko enpresarekin. Binakako Promozio Txapelketan dago orain murgilduta amurrioarra buru-belarri, Eskirozekin batera. Bikote gaztea sailkapenaren bigarren postuan dago uneotan.