Desfile eta kalejirak egin dituzte gaur arratsadean Amurrioko zenbait eskolek Inauteriak ospatzeko. Zabaleko Eskolako ikasle eta langileak patioan bildu dira. Bertan egin dute desfilea, eta kalejiran abiatu dira gero, auzoko kaleetan barrena. Euskal inauteriak hartu dituzte gai moduan mozorrotzeko.
Mendiko Eskolan, aldiz, patioan garatu dute jardun guztia. Nekazaritza izan dute hizpide. Gauzak hala, alor horri lotutako elementu eta pertsonaiez mozorrotu dira haur eta irakasleak: barazkiez edota txorimaloz, besteak beste.
Aresketa Ikastolan, aldiz, zirku giroa izan da nagusi. Pailazo, mimo edota malabaristaz jantzi dira, eta herriko kaleetan barrena aritu dira kalejiran. Ondoren, desfilea egin dute Matias Landaburuko frontoian.
Gaur iluntzean amaituko dira Inauteriak. Horretarako, Kakarro Birigarro pertsonaia erreko dute Juan Urrutia plazan.