EAEko 22 udalerrietan egongo da bihar -ostirala- Podemos Euskadi, herritarren ekarpenak jasotzen. Modu horretan, "programa parte hartzaileak" osatu nahi ditu alderdiak udal eta foru hauteskundeei begira.
Amurrio izango da udalerri horietako bat. San Anton plazan egongo dira alderdiko militante eta hautagaiak, 11:00etatik 13:00etara. Herritar guztiei luzatu diete bertaratu eta proposamenak helarazteko gonbita. Hautestontzi batzuk jarriko dituzte ekarpenak jasotzeko.
Horrez gain, Internet bidez ere egongo da ekarpenak egiteko aukera, alderdiak postontzietan banatu dituen eskuorrietan dauden QR kodeen bidez.
Podemosek aldarrikatu du, "herritarren ideiak batuta", posiblea dela "hiri bizigarriagoak" lortzea, "auzoak konektatuta eta berdegune gehiagorekin, jasangarritasuna, irisgarritasuna sustatuta eta puntu kritikoak ezabatuta. Jendearen proposamenak elkartuta, bidezkoagoa den hiria lor daiteke, non zerbitzu publikoak edo kalitatezko enplegua eskuratzea ez den pribilegio bat izango".
Podemoseko kideak urte hasieran jarri ziren abian eskualdean, Aiaraldeko zirkulua eratuta. Informazio puntua jarri zuten urtarrilaren 21an Laudion, alderdiaren 9. urteurrena ospatzeko.