Manifestazio jendetsua egin dute gaur eguerdian Amurrion, Unai Isasi gazteari elkartasuna adierazteko. Gasteizen Martxoaren 3ko sarraskia gogoratzen zuen manifestazioa amaitu eta minutu gutxira, kalez jantzitako polizia talde batek lurrera bota eta atxilotu egin zuen. Lakuako polizia-etxera eraman zuten, desordena publikoak eta agintarien kontrako erasoa egotzita. Karguekin, aske utzi zuten 23:15ak aldera.
Amurrion ez ezik, Gasteizen eta Lemoan ere egin dituzte atzoko atxiloketak salatzeko mobilizazioak, Gazte Blokeak deituta. Isasirekin batera, Arratiako bigarren gazte bat ere atxilotu zuen Ertzaintzak atzoko manifestazioan. "1976ko errepresio berdina" oraindik ere indarrean dagoela salatu dute protestetan, eta Ertzaintzaren papera deitoratu dute.