ARGAZKIAK ETA BIDEOA

Lagun eta senidez inguraturik jaso du Iñaki Bea Jauregik Urrezko Guk Saria

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mar. 18a, 21:00

Omenaldi hunkigarria eskaini diote futbol jokalari ohi eta entrenatzaileari, baina umore eta txisteak ere ez dira falta izan ekitaldi osoan zehar. 

Omenaldi hunkigarria bihurtu da aurtengo Urrezko Guk Saria. Iñaki Bea Jauregik jaso du aurten aitortza hori, eta lagun zein senide ugari bertaratu dira Amurrio Antzokian eginiko ekitaldira. Musika emanaldi labur baten ostean ekin diote Amurrioko futbol jokalari ohi eta entrenatzailearen ibilbidea laburtzeari, bideo erreportaje zabal baten bidez. Bertan, bere lankide, senide zein lagunek hartu dute hitza, kirolari omenduarekin batera. 

Txerra Molinuevo igo da ondoren oholtzara. Amurrioko alkateak Bearen kirol ibilbidea goraipatu du bereziki, eta Amurrio mapan kokatu izana eskertu dio. 

Ondoren hartu du hitza omenduak. Aurreko urteetan Urrezko Guk Saria jaso duten elkarteen lana goraipatu du lehenbizi. "Herriaren alde egin dute lan modu desinteresatuan. Nik, aldiz, puntu batera arte, esan daiteke nire alde egin dudala lan". Oso lagunarteko hitzartzea egin du, umore eta anekdotez betetakoa, eta esker zein laudorio ugari eskaini dizkie bere guraso, senide eta lagunei.

Jarraian eman diote Urrezko Guk Saria, baina omenaldia ez da hor amaitu. Bearen kuadrillako kideak igo dira oholtzara. Txapela bat jarri diote buruan, eta bere hainbat bertute "ezezagun" aipatu dituzte, jokalari gazteekin edota pertsona migratuekin izandako elkartasun keinuak, kasu. 

Gaurkoa ez da izango Beak jasoko duen aitortza bakarra. Ekitaldian aurreratu dutenez, Amurrioko Jaietako aurtengo pregoilaria izatea egokituko zaio.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide