Tubos Reunidos enpresako lan hitzarmenaren negoziazioa aro berri batean sartzen ari da, otsailaren amaieran sindikatuen gehiengoak -CCOOk, UGTk eta LABek- proposatutako aurreakordioak ez baitzuen aurrera egin. Zehazki, 396 beharginek bozkatu zuten alde eta gehiengo absolututik 24 botora geratu zen akordioa.
Gauzak horrela, atzo bilera berria egin zuen Enpresa Batzordeak eta ELAk proposatutako egitasmoa onartu zen, hau da, ordubeteko lanuzteak jartzea mahai gainean hitzarmenaren helburu berriak lortzeko. Besteak beste, KPIaren araberako %2ko soldata igoera edota lanaldi murrizketa aldarrikatuko dituzte.
Neurriaren berri emango diote sindikatuek Tubos Reunidos konpainiako zuzendaritzari eta langileei eurei hurrengo astean.
Hala ere, polemika
Dena den, atzoko bilerak ere tirabirak izan zituen. Gogoratu beharra dago ELAk eta ESKk sustatu zutela aurreakordioaren kontrako boza, eta atzo ELAk berak eraman zuela lanuzteen ideia, aldarrikapen taula berriarekin.
Horren alde egin zuten ELAk berak eta ESKk, eta UGTk kontra egin bazuen ere, LAB eta CCOOren abstentzioak ahalbidetu zuen proposamenak aurrera egitea.
Ordubeteko etenaldiaren eta bileraren ondoren, ordea, ELAk iritzia aldatu eta iradoki zuen lanuzteak egiteko deia ez egitea, ikusita gehiengo sinplea -10 boto 21 botoren artean- baino ez zuela lortu egitasmoak, eta ez absolutua.
Hala ere, Enpresa Batzordeak erabakiari eutsi zion eta adierazi zion ELAri behin gehiengoa lortuta, proposamena batzorde osoarena dela, eta ez bakarrik ELArena.
Gertakarien garapen hori ulertzeko aintzat hartu beharra dago onartu ez zen aurreakordioa proposatu zuten sindikatuek nahi dutela orain ELAk hartzea negoziazioaren pisua, eurek adostutakoa kritikatu eta gero.