Lan hitzarmenaren aurreakordioa linboan dago Tubos Reunidosen, langile ugarik babestu arren

Aitor Aspuru Saez 2023ko ots. 27a, 20:30

Ez da lehenengo aldia aurreakordio batek ez duela aurrera egiten Tubos Reunidos enpresan.

Bozketan parte hartu duten langile gehienek CCOO, UGT eta LAB sindikatuen aurreakordioaren alde egin arren, kopurua ez da heldu gehiengo absolutura eta, ondorioz, ez da onartu.

Tubos Reunidos enpresako lan hitzarmenak jarraitzen du bere ibilbide nekeza. Izan ere, pasa den ostegunean eta ostiralean eta gaur bozkatu ostean, emaitzak ez dira argigarriak.

Berez, hiru egunetan 700 beharginek bozkatu dute:

    • Botoak guztira: 700
    • Bai: 396
    • Ez: 296
    • Zuri: 8

Ikus daiteke aukera babestuena aldekoa izan dela. Ordea, enpresako langile kopurua 839 da eta lan hitzarmenak aurrera egin dezan erabateko gehiengoak bozkatu behar du alde. Hau da, 24 boza falta izan dira onarpena posible egiteko. Parte hartzea handia izan da, %83,4, baina itunaren aldeko bozak %47an geratu dira.

Gauzak horrela, enpresa batzordeak aztertu beharko du zein izango den hurrengo urratsa.

Gertatutakoa ez da salbuespena izan indarrean dagoen negoziaketa prozesuan, oso luzea eta gogorra izan da hartu emana enpresa eta alde sozialaren artean eta egin diren aurrera pauso guztiek ez dute adostasun osoa lortu beharginen artean. Iaz langileek ez zuten babestu sindikatu gehienek adostutako beste aurreakordio bat eta mobilizazioekin jarraitu zuten.

Aurreakordio hau bozketara eraman baino lehen, beharginak deituak egon ziren beste dokumentu bat bozkatzeko eta ezezkoa gailendu bazen ere, ez zen izan loteslea, langileen kolektiboaren gehiengoaren bozak behar baitira erabakiak hartzeko.

Hala ere, Enpresa Batzordeak aintzat hartu zituen emaitzak eta zuzendaritzak zenbait aldaketa egin ditu bere proposamenean (besteak beste, langileen postuen arteko mugikortasunari dagokionez).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide