Sindikatuek ez dute babestu Tubos Reunidos enpresak egindako Berdintasun Plana

Aitor Aspuru Saez 2023ko mar. 23a, 10:00

Aho batez erabaki dute Berdintasun Plana ez babestea Tubos Reunidoseko sindikatuek.

2007tik derrigorrezkoa bazen ere, enpresak 16 urte behar izan ditu Berdintasun Plana osatzeko eta sindikatuek ez diote oniritzirik eman, informazio faltagatik eta neurriak nahikoa ez direla iritzita.

Tubos Reunidos konpainiak Lan Ikuskaritzara bidali du jadanik bere Berdintasun Plana. Egitasmoak, ordea, ez du sindikatuen babesa lortu, helegite sorta aurkeztu baitiote, aho batez.

Talka handiena sortu da informazio prozesuan bertan, langile erakundeek salatu baitute ez dutela jaso lan hitzarmenetik kanpo dauden beharginen arduren eta soldaten taulak. "Ez badakigu lan hitzarmenean ez daudenek ezberdin kobratzen ote duten lan bera egiteagatik sexuaren arabera, ezin dugu plana babestu", azaldu du Jon Ugutz LAB sindikatuko ordezkariak, zeinak helegite gehienak prestatu dituen.

"Ezin dugu Berdintasun Plana babestu ez badakigu lan hitzarmenetik kanpo dauden langileek soldata bera edo ezberdina kobratzen duten emakumezkoak izateagatik"

Izan ere, Ugutzek nabarmendu du lan hitzarmenetik kanpo dauden pertsonen informazioa bereizi gabe aurkeztu duela enpresak eta horrek ez duela zentzurik: "Talde berean praktiketan dagoen jendea eta zuzendaritzako kideak sartu dituzte, eta bistakoa da euren baldintzak oso bestelakoak direla".

Murgibe aholkularitza zerbitzuari eta Lan Ikuskariari kritikak

Sindikatuek hitz zorrotzak izan dituzte Murgibe aholkularitza zerbitzuari eta Roberto Arnaiz Arnaiz Lan Ikuskariari dagokienez. Murgiberen kasuan, azpimarratu dute behin eta berriro saiatu dela sindikatuak baztertzen prozesu osoan, eta Berdintasun Batzordea eskumenik gabe uzten. 

"Productos Tubulares eta Tubos Reunidos enpresen interzentro esparrutik alboratzeko saiakera egin du Murgibek gurekin, legea urratuta. Edonola ere, PTko langile batzordeak ere ez du onartu euren Berdintasun Plana" azaldu du Ugutzek.

Lan Ikuskariari dagokionez, langileen erakundeek aipatu dute, gutxienez birritan sindikatuei arrazoia eman ostean, arrazoia kendu diela geroago, ez ohiko bideak jarraiki. "Gure salaketei eta helegiteei oniritzia eman ondoren, posta elektronikoko mezuak bidali dizkigu enpresaren alde jartzeko" jakinarazi du LABeko ordezkariak.

Sexu jazarpenaren protokoloa

Desadostasuna sortutako beste puntuetako bat izan da sexu jazarpenaren kontrako protokoloa. Izan ere, Tubos Reunidosen kasu larria gertatu zen 2013an eta, hala ere, ez dute neurri eraginkorrik proposatu, sindikatuen aburuz.

"2013an sexu jazarpen kasu larria izan arren, horri lotutako protokoloa ez da nahikoa"

Horrez gain, langileen ordezkariek salatu dute erantsitako beste proposamenak ez direla bat ere zehatzak: "Aipatzen da emakume gehiago kontratatuko dituztela, baina ez zenbat, eta aldagela gehiago jarriko dituztela, baina ezer gehiago argitu gabe. Ez dute inolako konpromisorik hartu".

Legea betetzea

Langile batzordeak nabarmendu du bere aldarrikapenak, berez, legeak jasotzen dituenak direla eta ez dagoela inolako erakunderik arau betetzea bermatzen duenik: "Guk eskatzen duguna da legeak berak agintzen duena. Berdintasun Legea itxurakeria baino ez da, enpresei inork ez baitie behartzen araua betetzen. Lan Ikuskaritzak ez du ezer egin, legeak adierazten du helegiteak Berdintasun Planean sar daitezkela eta hori egiteko ez du ezer mugitu. Esaterako, Berdintasun Ministerioak sortutako gida jarraitzea eskatu genuen eta inork ez digu kasurik egin".

"Inork ez die enpresei behartzen Berdintasun Legea betetzera"

Ildo beretik, sindikatuek gogoratu dute enpresak ez dituela erantsi eurek egindako helegiteak eta oraindik daudela Lan Ikuskaritzaren deiaren zain, euren ezezkoa azaltzeko.

Diru-laguntzak

Azkenik, langile ordezkarien iritziz, Tubos Reunidosek Berdintasun Plana osatu du soilik diru-laguntzak kobratu ahal izateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide