Lehenik eta behin, zorionak; Binakako Promozioko Txapelketako txapelduna zara, Iosu Eskirozekin batera. Zer sentitzen da?
Poza nagusiki, nire lehenengo finala jokatzea eta irabaztea oso pozgarria da. Zaila izan zen finala niretzako, nahiko urduri nengoen eta. Iosurekin oso eroso sentitu nintzen; berak honezkero hainbat final jokatu ditu, txapeldun izatetik dator… Berak badaki final batean nola jokatu eta horrek lasaitasuna eman zidan.
"Bikote ona egin dugu, oso ondo moldatu gara txapelketan zehar"
Ez zenuten hasi txapelketa faborito bezala, baina finaleko aurreikuspen guztietan zuek zineten txapeldunak.
Bikote ona egin dugu, oso ondo moldatu gara txapelketan zehar. Jokoan nabaritu egin da harreman ona daukagula. Baina nik uste lehenengo mailan jokatu izanak egin gaituela faborito gehien bat. Nik hiru partidu jolastu nituen lehenengo mailan, Iosuk, aldiz, sei.
Nolakoa izan da lehenengo mailan jokatzearen esperientzia?
Izugarria izan da gaur egungo pilotari onenetariko batzuekin jolastea. Altunaren eta Zabaletaren aurka jolastu dut, eta hori izugarria izan da niretzako. Txikitatik miretsi ditudan pilotariekin aurrez aurre aritzeak poz handia ematen du.
Urduritasunarekin heldu nintzen Tafallako debutera. Urrutikoetxea ordezkatu nuen nik, eta irabaztea ezinbestekoa zen bai bera eta bai Albisu hurrengo fasera igarotzeko.
Promozio mailako txapelketari begira zer nolako eragina izan du lehenengo mailan jokatu izanak?
Nik uste kalte egin zigula zertxobait. Iosuk hainbat partida eman zituen promozio mailan jokatu gabe, eta hor igarri egin zen hutsunea.
Labriteko finalera itzuliz; zaletu asko bertaratu ziren Iruñera. Nabaritu zenituzten euren animoak?
Bai, ikaragarria izan zen. Urduritasun puntu bat ere eragin zidan Amurrioko hainbeste jende bertan ikusteak, baina oso pozgarria izan zen animo horiek guztiak jasotzea. Telebistatik ere badakit askok jarraitu zutela finala, pozik nago sortu den giroagatik.
Urduritasunak alde batera, final ona egin zenuten. Nola ikusi zenuen zure burua partidan zehar?
Bikote zaila genuen aurrean, abiadura handiarekin jolasten dute. Gu defentsan oso ondo moldatu ginen, eta aukera izan nuenean ere erasoan oso ondo ikusi nuen nire burua.
"Lanean jarraitzea dagokigu orain, beste txapelketa asko daude aurretik, ea horiek ere irabazten ditugun"
Eta zer sentitzen da txapela bat buruan jantzita?
Momentuan poza, baina aparteko ezer berezirik ez. Lanean jarraitzea dagokigu orain, beste txapelketa asko daude aurretik, ea horiek ere irabazten ditugun. Txapela bat irabazita ere, berdin berdin jokatu eta ahalegindu beharra dago, aurrerantzean ere, emaitza onak lortzeko.
Zer ikasi duzu txapelketa honetan?
Fisikoki oso ondo ikusi dut nire burua. Baina nik uste gehien hobetu dudana aspektu psikologikoa izan dela. Ikasi dut partidua hasieratik bukaerara arte ondo eramaten, une bakoitzean egin beharrekoak eginez.
Zer erronka dituzu orain?
Buruz burukoa hastear dago orain, finalera iritsi nahiko nuke berriro ere. Binakako txapelketaren ostean, jauzia izango da frontoian bakarrik aurkitzea nire burua.
Erakutsitako mailaren ostean, hurbil ikusten duzu urrats bat gehiago eman eta lehen mailan jokatzen hastea?
Oraindik ez, pausoz pauso joan beharra dago. Pilotari oso onak daude lehenengo mailan, azken txapelketa honetan kanpoan geratu direnak. Bigarren mailan ere oso pilotari onak daude. Gehiago jolastea eta hobetzen jarraitzea da gakoa aurrera jarraitzeko, eta egunen batean iritsiko da lehenengo mailan aritzeko unea.