Txapeldun izateko faborito bezala iritsi ziren Iker Larrazabal eta Iosu Eskiroz larunbatean -apirilak 1- Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako promozio mailako finalera, eta txapela jantzita itzuli ziren biak etxera.
Javier Zabala eta Andoni Gaskue Aspeko bikoteak hartu zuen aurrea markagailuan lehenengo tantoetan, Larrazabalek eta Eskirozek egindako hutsegiteak tarteko. Behin erritmoa hartuta, ordea, Baikoko pilotariena izan zen partida. Larrazabalek azken hilabeteetan erakutsitako maila altuari eutsi eta erakustaldi bikaina egin zuen Labriten elkartutako ehunka zaletuen aurrean.
Zabalak eta Gaskuek ez zioten aurkariari aurre egiterik izan, eta 22-16 bukatu zen norgehiagoka, Larrazabal-Eskirozen alde.
Ehunka zaletu Larrazabalen alde
Profesional mailako lehen finala zuen honakoa amurrioarrak. Aurreikuspen guztien arabera, finala berezia behar zuen, eta Larrazabalen herrikideek ez zioten hitzorduari hutsik egin nahi izan. Amurrioko Pilotazale Elkarteak bi autobus antolatu zituen Larrazabal animatzera joateko, eta beste hainbeste amurrioar autoz bertaratu ziren Iruñera.
Giro beroa izan zen Labritekoa. Larrazabalen aldekoek oihuz eta kantuz animatu zuten Baikoko aurrelaria, partidaren lehenengo minututik azken tantora arte. Ez ziren gutxi izan ere ez Zabala-Gaskue bikotea animatzera hurbildutakoak, baina zaletu amurrioarrek frontoia konkistatzea lortu zuten.
"Iosu Eskiroz eta Iker Larrazabal, jo ta ke irabazi arte" zioen pankartari "Iker Larrazabal gure txapelduna!" zioen bigarren pankarta bat gehitu zitzaion, Baikoko bikoteak 21. tantoa erdietsi zuenean. Garaipena, ordea, ez zen segituan iritsi; Larrazabalen huts batek 16. tantoa eman zien Gaskue eta Eskirozi. 22. puntura iritsi zenean, orduan bai, festa lehertu zen Labriten.
Txapela Arabara
Berezia izan da ere Larrazabalek eskuratutako txapela. Izan ere, 20 urte dira arabar batek ez zuela Promozioko Binakako Txapela janzten. Aitor Pinedo izan zen azkena, 2003an Beloki II.arekin batera. Larrazabalek lekukoa hartu dio Pinedori, eta ibilbide luzea du oraindik aurretik.
Arabar batek 20 urtetan lortu ez duena lortu du gaur Iker Larrazabal amurrioarrak, Iosu Ezkirozekin batera; promozio mailako eskuz binakako txapela janztea!
— Aimar Gutierrez (@AimarRahim) April 1, 2023
Gora patata!
IKER LARRAZABAL GURE TXAPELDUNA! pic.twitter.com/hFr2PrZpYt
Txapela ez da izan, ordea, Larrazabalek aurtengo denboraldian Arabarentzat hautsi duen lehenengo marka. Otsailean profesional mailan egin zuen debuta, Binakako Txapelketako ordezko bezala. Urteak ziren arabar batek ez zuela Binakako Txapelketa profesionalean jokatzen, eta aurrelari amurrioarrak dinamika horrekin apurtu zuen. 2001ean izan zen arabar batek txapelketan parte hartu zuen azken aldia. Arroyo II izan zen kirolari hura, eta bera ere ordezko bezala batu zen Binakako Txapelketara.
Ibilbide oparoa aurretik
Garapen meteorikoa izan da Larrazabalena azken urtean. 2020an egin zuen debuta profesional kategorian, 18 urterekin. Promozio mailako lehen txapela eskuratuta, helburu berrien bila jarraituko du buru-belarri. Azken hilabeteetan maila altua erakutsi du Baikoko aurrelariak, eta lehen mailan ere ondo moldatu da. Iritsiko dira txapela gehiago Aiaraldeara.