Nazioarteko olerkiak entzuteko aukera egon zen atzo arratsaldean Amurrioko La Casonan, egileen ahoetatik. Herritar ugari bertaratu ziren erakusketa aretora, eta bost herrialde ezberdinetako poetek hartu zuten hitza: Nataslia Jaramillo (Kolonbia), Mireya Ortega (Ekuador), Laura Hernandez (Mexiko), Alondra Badano (Uruguai/Panama) eta Alicia Choin (Granada).
Tristeak, alaiak, hunkigarriak... denetariko gaiak jorratu zituzten emanaldian zehar, eta jendaurrean inoiz errezitatu gabeko lerroak irakurtzera ere animatu zen baten bat, espazioan sortutako giro atsegin eta intimistaz baliatuta.
Amurrioko Udalak antolatu zuen ekimena Gasteizen egiten den Poetak Maiatzean jaialdiaren barruan, urteroko dinamikari jarraiki.