Amurrioko bowlaren lehen urteurren jaia antolatu dute hainbat zalek eta horretarako larunbat arratsaldean ekintzaz beteko dute espazioa. Andima Errazti da ekimenaren antolatzaileetako bat, eta adierazi du aurten ez duela berak bakarrik prestatu: "Herriko hainbat gazteren gurasoek ere bat egin dute eta hamar bat lagun aritu gara dena prestatzen. Bowla inauguratu zenetik, jende berria hasi da diziplina honetan".
Elkarlanaren ondorioz, arratsaldetik gauera arteko jarduera egongo da:
- 16:00 // Herriko kirolarien erakustaldia
- 16:30 // Sergio Layos, Ian Ponciano eta Javitxu de la Torre profesionalen erakustaldiak
- 18:00 // Rollerren aire salto eta trikimailu onenaren lehiaketa
- 18:30 // Skaterren aire salto eta trikimailu onenaren lehiaketa
- 19:00 // BMX aire salto eta trikimailu onenaren lehiaketa
- 20:30 // Aiaraldeko Soinu Sistema eta 3 Killer Zombies
Kanpoko profesionalak eta herriko kirolariak
Erraztik azaldu du iazko ekitaldiaren arrakasta ikusita, biker eta skater profesionalak ekarriko dituztela aurten ere. Sergio Layos bikerrak eta Ian Ponciano skater bermeoarrak errepikatuko dute eta Javitxu de la Torre biker madrildarrak (oso gaztea dena) ere erakustaldia egingo du. Iazko aurkezleak ere konpromisoa hartu du bere lana egiteko.
Horrez gain, herriko zein kanpoko zaleek aukera izango dute lehiaketetan parte hartzeko eta hiru amurrioar gaztek hala egingo dutela aurreikusi dute: Ane Ramosek, Unai Corderok eta Andoni Ruizek.
Kirolariek azpiegitura utzi arren, jaiak 00:00ak arte iraungo du, Aiaraldeko Soinu Sistema eta 3 Killer Zombiesen musika emanaldiei esker.