Iaz egin zuten lehenbiziko aldiz Amurrio Harro eguna, herriko LGTB komunitatea bistaratu eta aldarrikatzeko helburuarekin. Amurrioko gazte batzuk sustatu zuten ekimena, Udalaren laguntzarekin. Arrakasta izan zuen ekimenak eta, ondorioz, aurten errepikatzea erabaki dute antolatzaileek.
Gauzak hala, datorren ekainaren 17an, larunbatean, egingo dute jaiaren bigarren edizioa. Iazko egitarauaren hezurdura mantenduko dute, baina, hainbat berrikuntza txertatuta. Alde batetik, goizean umeentzako jolasak eta tortilla txapelketa egongo dira, eta lehiaketan prestatutako tortillekin egingo dute bazkaria. Bazkalostean, aldiz, bingoa egongo da, drag queen batzuk dinamizatuko dutena.
Manifestazioa egingo dute ondoren, Juan Urrutia plazatik, eta jarraian irakurriko dute pregoia. Ondoren, kalejira egingo dute batukadarekin, eta drag ikuskizuna egongo da jarraian. Antolatzaileek aurreratu dutenez, iaz egondako drag queenak itzuliko dira herrira, baina bi berri ere egongo dira, "horietako bat, Bambi, herrikoa da gainera".
Gaua luzatzeko aukera egongo da. Ikuskizunaren ostean Abba Revival, Abba taldearen tributua, igoko da oholtzara, eta DJ 2Mino arduratuko da egunari amaiera emateaz.