Amurrioko EAJk azaldu du errealitate bihurtuko dituela Landazuriko eguneko zentroa eta etxebizitza komunitarioa. Datozen lau urteetara begira, jeltzaleen udal ekintzak pertsonen zaintzan eta zahartze aktiboan oinarrituko direla azaldu dute ohar baten bidez.
Proiektua hainbat fasetan egingo dute eta Udal Gobernuak dagoeneko eman ditu Landazuriko eguneko zentroa eraikitzeko lehen urratsak, Amurrioko EAJren esanetan. Txerra Molinuevo egungo alkateak eta EAJren alkategaiak adierazi du solairu bakarreko eraikina egingo dutela lehenengo. 25 erabiltzailerentzako lekua izango du eta “mugikortasun urriko pertsonei egokitutako hainbat zerbitzu izango ditu: erabilera anitzeko guneak, jantokia, komunak, aisialdirako baratzeak, lorategia, mugikortasuna bermatzeko pasealekuak...”.
Etxebizitza Komunitarioarena, aldiz, bigarren fase batean aztertuko dute. Egungo Landazuri Etxean kokatzeko asmoa dute, eguneko zentroarekin komunikatuta.
Proiektu horrekin, EAJk “kalitatezko laguntza-baliabideak” eskaini nahi dizkie adineko pertsonei, eta zerbitzu guztiak elkarren ondoan egotea nahi du, Landazuri erreferentzia-gune bihurtuz. 'Zaintza erdigunera' proiektua inplementatuko dutela ere azaldu du Molinuevok: “Gure bizitzako etapa guztietan ongizate fisiko eta emozionala behar dugula uste dugulako”. Hori dela eta, Amurrioko adineko pertsonak aktiboak izate aldera, haientzako jantoki-zerbitzu berria sendotu nahi dute jeltzaleek, “bakardadeari aurre egiteko, besteak beste”.
Parke lineala
Era berean, "berdegune eta aisialdirako gune gehiago" sortu nahi dituzte Amurrioko jeltzaleek. Horretarako, herritik igarotzen diren Parke Linealaren tarteak amaitzeko konpromisoa adierazi dute. "Laster", Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Refor eta Saratxo eta Urduña eta Delikako kanoia lotuko dituen zatia amaitzeari ekingo diotela adierazi dute. Estrategikotzat eta lehentasunezkotzat jo dute proiektua, eta funtsezkoa “bizimodu osasungarria sustatzeko eta mugikortasun jasangarri hobea lortzeko”.