Amurrioko Udalak lehiaketa publikoa abiatu du Landazuri Etxea birgaitu eta arretarako landa zentroa eraikitzeko obrak esleitzeko. Lanek 12 hilabeteko iraupena izango dute, tokiko erakundearen aurreikuspenen arabera. Gauzak hala, dena ondo bidean, 2024ko udaberrirako egongo litzateke azpiegitura prest.
Lehiaketa irabazten duen enpresak Landazuri Etxeko egitura finkatu, fatxadak birgaitu eta estalkia berritu beharko ditu. Bertan kokatuko dute etorkizunean etxebizitza komunitarioa, baina momentuz ez dituzte horretarako lanak abiatuko. Eguneko landa zentroa, aldiz, solairu bakarreko eraikin berri batean kokatuko dute, Landazuri Etxera atxikituta egongo dena. Espazio berriak 480,18 metro karratuko zabalera izango du, eta 25 erabiltzaile sartu ahalko dira bertan, tokiko erakundeak zehaztu duenez.
1.220.088,27 euroko (BEZ gabe) eskaintza ekonomikoa egin du Udalak obrak burutzeko, eta Foru Aldundiak 576.318,08 euroko dirulaguntza emango dio proiektua finantzatzeko, Obra eta Zerbitzuen Foru planaren bitartez.
20 urte ia erabilerarik gabe
Modu horretan, berriz erabilgarri egongo da Landazuri Etxea, ia 20 urte hutsik igaro ostean. Rita Landazurik udalari dohaintzan eman zion azpiegitura, eta 2015. urtean ekin zioten Amurrioko talde politikoek azpiegituraren erabileraren inguruan eztabaidatzeari. 2012 eta 2013an, aldiz, Amurrioko Gazte Asanblada eraikina okupatu zuen Gaztetxe bihurtzeko, baina berehala hustu zuten eta 9 gazte epaitu zituzten ekintza horregatik.