Brontzezko dominarekin itzuli da Jon Rivera Espainiako Gimnasia Erritmikoko Bakarkako Txapelketatik. Santanderren egin da norgehiagoka asteazken eta ostegunean. Aresketa Gimnasia Klubeko kideak laugarren postua erdietsi zuen sailkapen orokorrean lehen jardunaldian, eta finalera pasatzeko txartela lortu zuen soka eta uztaiaren kategorietan. Hurrengo egunean, aldiz, bereziki trebe aritu zen uztaiarekin, eta horrela lortu zuen podiumera igotzea.

Aresketa Klubeko kideek Rivera zoriondu dute lortutako emaitzengatik, eta Elisabet Andak entrenatzaile moduan eginiko lana ere goraipatu dute. “Entrenatzeko baliabide mugatuei aurre eginez, Santanderretik Espainiako Txapelketa baten bigarren domina ekarri dute klub apal honentzat”, nabarmendu dute. Klubeko kideek gogorarazi dutenez, 7 urte igaro dira antzeko marka bat lortu zenetik. Orduko hartan, Nerea Monasterio izan zen domina lortu zuena, Xixoneko txapelketan. “Ziur gaude, klubetik egiten ari den lanarekin, honakoa ez dela azkena izango”.
