EH Bilduk Amurrioko Tokiko Gobernu Batzordetik kanporatu dutela salatu du

Jone Gartzia Gerra 2023ko uzt. 3a, 13:20

Koalizio abertzaleak betotzat jo du gertakaria, Amurrioko demokraziaren historian “ezohikoa” omen delako. Erabakia “nagusitasunetik eta errebantxa animotik” baino ezin daitekeela ulertu adierazi du oposizioko taldeak. Gaur egin dute agerraldia Juan de Urrutia plazan, udal-antolamendua ezagutu ondoren.

Amurrioko EH Bilduk agerraldia egin du udaletxearen aurrean EAJk eta PSE-EEk azken Udal Osoko Bilkuran aurkeztutako udal-antolamendu proposamena salatzeko. Joan den ostiralean eman zuten bi alderdien arteko akordioaren eta ardura banaketen berri. Bi talde politikoen baturarekin, hamar zinegotzi izango dituzte eta, horrenbestez, gehiengo osoa. EH Bildu izango da oposizioko talde bakarra eta gaurko agerraldian Tokiko Gobernu Batzordetik kanpo utzi izana salatu du.

EAJko lau zinegotzik eta PSE-EEko bik osatuko dute Amurrioko Tokiko Gobernu Batzordea.

Izan ere, EH Bilduk udal hauteskundeetan 1.847 bozka jaso zituen eta horrekin zazpi zinegotzi lortu, hau da, udal ordezkaritzaren % 41. EH Bilduko zinegotzi diren Angela Ricok eta Mariano Alavak salatu dute EAJren eta PSE-Eren arteko akordioak Tokiko Gobernu Batzordetik kanporatu dituela, haien artean banatu baitituzte alkateari laguntzeko eratzen den organo honetako kideak: EAJko lau zinegotzik eta PSE-EEko bik osatuko dute datozen lau urteetan.

 

“Hori gutxi balitz, gobernu taldeko zinegotziek hileko dietengatiko jasoko duten diru kopurua igo dute: 1.100 eurokoa izatetik 1.500 eurokoa izatera pasako da”, gaineratu dute EH Bilduko zinegotziek. Zehaztu dute susmoa dutela zehazki puntu horretan dagoela “benetako EAJren eta PSE-EEren arteko gobernagarritasunerako eta egonkortasunerako itunaren gakoa: euren ordezkariek, inolako dedikaziorik gabe, 1.500 euroko gutxieneko ordainsaria jaso dezatela”.

EH Bilduk salatu du gobernu taldeko zinegotziek hileko dietengatiko jasoko duten diru kopurua igo dutela.

Udal-antolaketa proposamena “ezohikoa” dela azaldu dute Ricok eta Alavak, eta adierazi dute hartutako neurria soilik ulertu daitekeela “gero eta emaitza hobeak lortzen ari den arerio politiko baten kontrako nagusitasunetik eta errebantxa animotik”. Zinegotziek azpimarratu dutenez, erabakiak “guztiz markatuko du” hurrengo legegintzaldia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide