Euskararen normalizazioa Aiaraldean

Euskara arloan jardunaldi osoko langilea izatera konprometitu da Amurrioko Udala, "hilabeteko epean"

Txabi Alvarado Bañares 2023ko abu. 1a, 17:39

Atzo bildu diren Udal Gobernua eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua.

Hala jakinarazi du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak atzo tokiko erakundearekin izandako bileraren ostean. Gauzak hala, euskararen normalizazioaren aldeko eragileak bertan behera utzi ditu euskara teknikariaren lanpostuaren ezabatzea salatzeko aurreikusita zituen ekimenak, "behin-behinean".

Atzo bildu zen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua Amurrioko Udalarekin, euskara teknikari lanpostua ezabatzeko erabakiaren inguruan hitz egiteko. Bilera horretan esandakoak azaldu ditu euskararen normalizazioaren aldeko eragileak, adierazpen publiko baten bidez.

Kontseiluko kideen ustez, bileran "agerian" geratu zen "desadostasun nabarmenak daudela" eurek eta Udal Gobernuak egoeraren gainean eginiko irakurketen artean. “Udal Langile Zerrendatik (RPT) Euskara Teknikari lanpostua ezabatu dela egitate bat da, baina egitate horren balorazio arras ezberdina egin genuen bileran”, azaldu dute kontseiluko kideek. “Udal Gobernuarentzat barne mailako berrantolaketa bat da, euskara arloari kalterik egiten ez diona, lanpostuaren izendapenetik harago, euskara teknikariaren funtzioak beste udal teknikari batek betetzen baititu. Euskalgintzarentzat, berriz, larria da erabakia eta mezu zuzena bidaltzen du: euskararen normalkuntzarako teknikaririk ez da behar”, gaineratu dute.

Zerbitzu Soziokulturaleko Koordinatzailea arduratzen da gaur egun Amurrioko Udalaren euskara arloaz, eta lanpostu horren gainean ere eztabaidatu zuten asteleheneko bileran. "Udal Gobernuak pertsona hori euskara teknikari gisa hartzen duen bitartean, Kontseiluak euskarari eman diezaioken denbora ez-nahikoa dela irizten dio". Gauzak hala, euskalgintzako kideek proposamen zehatza luzatu zuten bileran: koordinatzaile horrek kontratuan jasota dituen funtzioak publiko egitea.

Bukatzeko, Kontseiluko kideek udal gobernuari helarazi zioten "eskasak" direla tokiko erakundeak euskara arlora bideratzen dituen giza baliabideak, "hiru adibide konkreturekin":

  1. Azken Euskara Plana sortzeko langile bat kontratatu behar izan zela sei hilabetez lan hori aurrera eramateko.
  2. Eskasa dela 2018-2022ko Euskara Planaren betetze maila.
  3. Eusko Jaurlaritzak Amurrio bezalako herri batentzat euskara sailean lau langile izatea aholkatzen duela.

Horren aurrean, betiere Kontseiluaren arabera, Txerra Molinuevo alkateak argudiatu zuen euskarari laguntzeko bidea ez dela "funtzionario gehiago izatea", eta "kanpo kontratazioak" defendatu zituen baliabide falta konpontzeko aukera moduan.

Udalak hartutako konpromisoa

Desadostasunak desadostasun, akordioetara iritsi ziren atzoko bileran. Kontseiluaren aburuz, alkateak konpromiso zehatz bat hartu zuen: “Amurrioko Udalak hilabeteko epean euskara arloan %100ean jardungo den jardunaldi osoko langilea izatea, langile horren kontratuan soilik euskara arloko funtzioak agertuko direlarik”.

Kontseiluak ontzat eman du konpromiso hori eta, gauzak hala, bertan behera utzi ditu planeatuak zituen salaketa ekimenak, “behin-behinean”. Hala ere, konpromisoa beteko ez balitz, protesta dinamikari helduko lioke eragileak, irailetik aurrera.

Dena dela, Kontseiluak nabarmendu du Udalak hartutako konpromisoa lehen urrats bat baino ez dela. “Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren erabaki honek ez ditu desaktibatzen elkartearen aldarrikapenak, ez eta ezeztatzen Amurrioko egoera eta Udalaren erabakiaren inguruko irakurketa. Haatik, elkartearen genetikan dago aurrera-pausuak lortzea eta elkarlana sustatzea gure eskualdean euskararen normalkuntzan aurrera egiteko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide