Amurrioko Udalak hiru lanpostu publiko suntsitu dituela salatu dute sindikatuek

Erredakzioa 2023ko abu. 11a, 14:30

Hiru lanpostu amortizatu zituen Amurrioko Udalak uztailean./ Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua

LAB, ELA eta ESAN sindikatuek ohar bateratua plazaratu dute salatzeko Amurrioko udal gobernu taldeak uztailean hartutako erabakiak: hiru udal langileren lanpostuak amortizatzea eta beste bi behargini soldata igotzea.

LAB, ELA eta ESAN sindikatuek -hau da, Amurrioko Udalean ordezkaritza duten hiru antolakundeak- prentsa oharra zabaldu dute gogor salatzeko EAJ eta PSE-EE alderdien udal gobernu taldeak uztailean hartutako erabakiak.

Izan ere, jeltzaleek eta sozialistek hiru lanpostu amortizatu dituzte: "bi Udal Arte Eskolakoak eta hirugarrena aldiz, Hizkuntza-Normalkuntzako teknikariarena".

Sindikatuek azpimarratu dute Udal Arte Eskolari lotutako bi postuak desagerrarazteak eragina izango duela zerbitzuaren kalitatean: "Amurrioko Udal Arte Eskolaren helburu nagusia amurriarrei euren behar artistikoak garatzeko aukera eskaintzea da, garrantzitsuak diren beste batzuk ahaztu gabe, hala nola, bizikidetza eta elkargune pertsonala zein soziala bermatzea. Gobernu Taldeak eskola artistikoko bi plaza amortizatzeko hartu duen erabakia (Enplegu Publikoaren Eskaintzan propio onartu berri direnak gainera), eskola artistikoaren zerbitzuaren kalitatearen kalterako da".

Horrez gain, langile ordezkariek uste dute erabakiak atea irekitzen diola Arte Eskola modu pribatuan kudeatzeari.

Euskara teknikaria

Hizkuntza-normalkuntzako teknikariaren lanpostua ere amortizatu izanak hautsak harrotu ditu euskalgintzaren esparruan eta sindikatuek ere kritikatu dute: "Oso larritzat jotzen dugu, duela 40 urte Angel Sasiainek Amurrion demokrazia ezarri zeneko lehen alkate gisa hasi zuen euskararen normalizazio prozesuan egindako bide luzean izandako atzerapauso oso garbia baita".

Bi langileri soldata igotzea

Azkenik, LAB, ELA eta ESAN erakundeek salatu dute amortizazioak gertatzen diren bitartean, bi langileri igo diete soldata, beste guztien egoera baloratu gabe.

Sindikatuaren aburuz, beharginen kolektibo osoa berdintasunez tratatu beharko luke udal gobernu taldeak, baina horren ordez, bestelako jarrera hartu du: "Urte asko dira Gobernu Taldeak langileen lan eskubideak arautu nahi ez dituela, Alkatetzak zuzenean langileekin negoziatu dezan; horrela, gardentasuna, informazioa eta ekintza sindikala eragotziz. Langile guztien eskubideak modu kolektiboan defendatzeko aukera eta berdintasunezko tratua bermatzea ekidin nahi dute".

Erakunde sindikalek aipatu dute 2017ko aurrekaria eta egungoarekin alderatu dute: "Gobernu Taldearen eta Pertsonal Arloaren ohitura da zenbait lanpostu alde bakarrez nahieran baloratzea. 2017an, Gobernu Taldeak alde bakartasunez aukeratutako lanpostu gutxi batzuen soldata igoera gauzatzea nahi izan ondoren, 2017-2023 aldirako Giza Baliabideen Plan bat borrokatu eta adostea lortu genuen, langile guztiak baldintza berdinetan tratatuko zituena. Behin Giza Baliabideen Plana amaituta, Gobernu-Taldeak berriro inprobisazioari ekin dio, 2023ko LPZn soldata beste bi lanposturi soilik igotzeko, gainerako langileak kontuan hartu gabe".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide