JON ASPURU ORIBE

“Bielorrusiako ‘Txernobylgo umeak’ zigortzen ari da Europa Ukrainako gerraren harira ezarri dituen politikekin”

Aitor Aspuru Saez 2023ko ira. 7a, 07:00

Jon Aspuruk oso iritzi kritikoa du Europar Batasunak Bielorrusian ezarritako politiken inguruan. / Aiaraldea.eus

JON ASPURU ORIBE (Amurrio, 1960) Bielorrusiara itzuli da eta hango egoerari buruz mintzatu da. Zalantzan jarri du Europak zabaltzen duen diskurtsoa eta salatu du erregimenak baino gehiago gizarteak pairatzen dituela Mendebaldeak ezarritako politikak.

Bielorrusian egon zarete berriro, zergatik?

 

Duela lauzpabost urte hasi ginen udan ekartzen Txernobyl eremuko ume bat. Berarekin harremana mantendu dugu baina ezin da Amurriora etorri, hasieran pandemiagatik eta Ukrainako gerragatik gero.

Ondorioz, gure kabuz hartu dugu Bielorrusiara joateko ardura. Izan ere, hau izan da bigarren aldia. Ez dugu arazo berezirik izan.

Gerrak umearen ongizatean eragin zuzena izan du?

Bai, gerrek alde ezkutuak dituzte eta erru gutxien dutenek ordaintzen dute, penagarria da. Adibidez, aste hauetan ETBn ikusi dugu ‘Txernobylgo umeak’ etorri zirela aipatzen zutela, baina errealitatea ez da azaltzen.

"Gure kabuz joan gara Bielorrusiara Amurriora ekartzen genuen 'Txernobylgo umearekin' egoteko, Europak debekatu baitio etortzea"

Berez, Bielorrusiako hainbat ume ere ‘Txernobylgo umeak’ dira. Istripu nuklearrak Ukrainan eta Bielorrusian eragin zuen, bien arteko mugan baitago zentrala.

Hala ere, Bielorrusiako umeei buruz inork ez du hitz egiten. Ume horiek harremanak eta loturak zituzten hemengo familiekin eta bat-batean moztu dituzte. Moztu dituzte Bielorrusian bizi direlako, baina zein erru daukate zortzi eta hamalau urte bitarteko umeek?

Hori Europak egin du. Eskularru zuriko gerrak ere badaude, ikusezinak, eta herritar errugabeak kaltetzen dituzte.

Gero esaten dute ‘Txernobylgo umeak’ gurera etortzen direla, baina ez da egia, batzuei ez diete baimendu eta horren erantzulea Europa da.

Gerraren isla nabaritu duzue Bielorrusian?

Bada, egia esanda ez. Kazetariak gatazkaren lehen lerroan daude eta horrek itxura bat ematen du. Hemen gauza bera gertatu zen 1980ko hamarkadan, baina gero Bielorrusian hemen baino polizia gutxiago ikusi dugu. Ez dugu arazorik sumatu.

Muga zeharkatu genuen eta egia da kontrola hor oso estua dela. Bai Lituaniak zein Bielorrusiak dena begiratzen dute. Edonola ere, bisa ondo izanda, ez dago oztoporik, mugan igaro behar duzun denbora salbu.

Herrialdean dena normal ikusi dugu. Esaterako, produktu mota guztiak dituzte, ez zaie ezer falta.

Nabaritu izan duguna da jendea goibel dagoela. Aurreko hauteskundeetan erakutsi zuten Europaren aldekoak direla. 2020an hauteskunde horien emaitzen harira gizartea kalera atera zen, uste baitzuten irabazi eta erregimena botako zutela. Ilusio handia zegoen, ikur pilo bat… Baina ematen du ilusio hori galdu dela, jendea etsita dagoela eta bakoitza bere kaxara doala. Garraio publikoan jendeak ez du hitz egiten.

"Erregimenaren kontrako mobilizazioetan parte hartu zuten 60.000 herritarrek ihes egin behar izan dute eta Europak ez die errefuxiatu politikoen estatusa aitortu, Polonian eta Lituanian daude"

Hala ere, Bielorrusian errealitate anitzak daude. Alegia, zer egin zuen Europak protestetan parte hartzeagatik ihes egin behar izan zuen jendearekin? Erregimenaren kontra mobilizatzeagatik 60.000 lagunek baino gehiago utzi dute herrialdea. Orain 40.000 daude Lituanian eta 20.000 Polonian.

Herritar horiei ez zaie aitortu errefuxiatu politikoaren estatusa eta batzuek ez daukate ezta bisarik ere.

Horregatik guztiagatik, batzuk behartuta daude Bielorrusiara itzultzera eta zenbait herritar atxilotu dituzte. Hori ez da aipatzen Europan.

Matxinada horren aztarnarik geratu da?

Ez, ezer ez. Erregimen oso autoritarioa da eta ez da ezta euli bat bera ere mugitzen. Ordena, garbiketa… estatuak hori guztia kontrolatzen du erabat. Ez da nabaritzen kalean, baina estatuaren kontrola erabatekoa da. Kamerak ditu leku guztietan.

Han errepresioa bestelakoa da. Ez da hemen bezala, manifestazio batean agertzen direla istiluen aurkako poliziak eta oldartzen direla. Ez. Bielorrusian dena grabatzen dute, gero egiten dute atxiloketa eta aurrera eramaten dute prozesua. Inork ez du ezer ikusten.

Kalean dena da ordena eta garbiketa, baina ezarritako bidetik ateratzen bazara, arazoak hasten dira.

Dena den, sentsazio ezberdinak ekarri dituzu 2020ko bidaiarekin alderatuta, ezta?

Bai, joan ginenean bakarrik ezagutzen genuen hedabideetan saltzen diguten eredua, baina Bielorrusia ezberdintasun handiak dituen herrialdea da. Azken 20 urteetan hiriak izugarri garatu dira eta, adibidez, Minsk hiria Espainiako Estatuko edozein hiri baino modernoagoa da. Aurrerapen guztiak dauzkate.

"Familiarik gabeko ume batek hemen topatu zuen familia, ikasi zuen hizkuntza eta gero ez diote hona etortzen uzten. Berarentzat nor izango da errudun eta erantzule?"

Txanpon horren beste aldea da landa eremua ez dela batere garatu. Horrez gain, jaiotza tasa askoz handiagoa da eta gizartea gazteagoa, 35 edo 40 urtekoa. Jende gehiena oso europarzalea da, janzteko orduan igartzen zaie, baina gauza bat da jendea eta bestea erregimena. Izan ere, Minsk oso europarra da ohituretan, garbiketan, janzkeran…

Kontua da erregimena zigortu nahian gizartea ari direla zigortzen. Guk Amurriora ekarri izan dugun gazteak hamalau urte ditu orain, baina, hamasei dituenean, zer galdetuko dio bere buruari? Nork zigortu du bera? Gerrak edo Europak? Nork apurtu ditu harremanak eta loturak?

Familiarik gabeko ume batek hemen topatu zuen familia, ikasi zuen hizkuntza eta gero ez diote hona etortzen uzten. Berarentzat nor izango da errudun eta erantzule? Eta europarzaleak zirenek eta erregimenaren kontra borrokatu zirenek zer pentsatuko dute guri buruz?

Erregimena gutxiengoa da eta Bielorrusiako biztanleria zortzi milioi lagun dira.

Horrez gain, aldaketa geopolitikoak ere sumatu dituzue?

Sentsazioa hori izan da, bai. Europak guri bidaltzen dizkigun mezuekin, prezioen gorakadarekin eta abar, uste nuen Bielorrusian produktuen gabezia egongo zela, baina denetarik zegoen. Gero egia da dirua duenak erosi ahal duela eta ez duenak ez, baina berez dena dago eskura.

Eman zigun itxura izan zen bai Txinak zein Arabiar Emirerri Batuak sekulako inbertsioak egiten ari direla. Urterik urte begien bistakoa da garatzen jarraitzen dutela eta Europari bizkarra ematen diotela.

Beste bide ekonomiko, politiko eta geopolitikoa hartu dute. Bi bloke daude eta bizkarra ematen diogu elkarri, baina eurek denetarik dute eta jarraitzen dute eraikitzen.

Esaterako, irakurri nuen Arabiar Emirerri Batuek hiri inteligentea egingo dutela Minsken. Txinak ere dirutza sartu du.

Ni interesen jokoan galtzen naiz, baina argi eta garbi ikusi nuen Europak esaten diguna ez dela egia, gerra egon arren ez zaie ez zaie ezer falta horren ondorioz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide