Ehunka lagun aritu dira gaur goizean Amurrioko kaleetan barrena, Artzain Eguna dela eta antolatutako ekintzez gozatzen. Tokiko ekoizleen azoka eta ardi zein artzain txakurren erakusketa izan dira egitarauaren bizkarrezurra, baina beste hainbat ekintza ere egon dira: produktuen dastatzea, ardiei ilea mozteko tekniken erakustaldia edota gazta txapelketa herrikoia, besteak beste.
13:30ean egin dute ekitaldi nagusia, Juan Urrutia plazan. Arabako lau artzain omendu dituzte bertan: Iñaki Ugarte Menoyo, Socorro Ramirez Alba, Juanjo Ortiz de Zárate Ortiz de Pinedo eta Miguel Angel Polo. Ondoren egin dute ardi eta gazta txapelketen sari banaketa.
Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik plataformak mobilizazioa egin du plazan, eskola garraioaren afera dela eta, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi egoera bideratua egongo dela bihartik aurrera.
Argazkiak: Eider Garcia eta Txabi Alvarado