Mobilizazioak biderkatzen hasi dira Aiaraldean eskola garraioak eta, oro har, hezkuntza publikoak dituen arazoak salatzeko.
Eusko Jaurlaritzak eta garraio enpresek akordiorik lortu ez dutenez, familia ugari geratu dira zerbitzu hori gabe. Pasa den astean abiatu zituzten protestak Aiaran eta aste honetan Orozkon ekion diote mobilizazioak prestatzeari.
Atzo Mendiko Eskolak salatu zuen 09:00etan 23 umek, 16 familiak guztira, euren kabuz joan behar izan zutela ikastetxera. Gainera, kasu batzuetan aukera goiztiarra baliatzea oztopatzen du egoerak. Berez, hiru ibilbidetik, bakarra dago funtzionamenduan.
Antolatzaileek oso positiboki baloratu dute hezkuntza komunitatearen erantzuna: "400 ikasletik 23k baino ez dute arazo hau jasaten, baina eskola publikoak jasaten duen egoera orokorraren isla da hau".
Arratsaldean karabana
Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik plataformak, ordea, auto karabana egin zuen eta jende andanak parte hartu zuen. Urduñan batu eta eskualde osoa zeharkatu zuten euren aldarriekin.
Gaur eta bihar, mobilizazio gehiago
Gainera, plataformak berak asteburuan Aiaraldean egingo diren bi ekitaldi jendetsu profitatuko ditu elkarretaratzeak egiteko eta gatazka azaleratzeko.
Alde batetik, gaur 13:00etan Artziniegan batuko dira kazerolada egiteko eta, bestalde, bihar 13:30ean elkarretaratzea egingo dute Juan Urrutia plazan, Artzain Egunean.
Argazkiak: Naroa Ugarte, Esti Garmendia, Naiara Otaola