ANkerkeriari Stop! plataformak ostiralean jakinarazi zuen Galder Barbadok eta Aitor Zelaiak espetxeratze agindua jaso dutela.
Erabaki horren aurrean, eragileak elkarretaratzeak deitu zituen eta gaur arratsaldean izan dira Gasteiz, Agurain eta Amurrion. Aiaraldeko udalerrian, zehazki, ehunka lagun batu dira Juan de Urrutia plazan eta gero udalerriko kale nagusiak hartu dituzte bi militante independentisten kontrako errepresioa salatzeko, lau urteko espetxe zigorra bete beharko baitute.
Halaber, plataformak gogoratu du Gasteizen egingo den manifestazio nazionala izan arte (irailaren 30ean 18:30ean Artiumetik abiatuta) elkartasun keinuak biderkatuko dituztela herriz herri. Horietan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, Barbado eta Zelaiaren egoera salatzen duen kamiseta erosita edo auzolanetan eta ekitaldietan parte hartuta, hain zuzen. Horri lotuta, aipatu dute Amurrioko Txokogorri tabernan daudela kamisetak salgai eta ostegunean lan-eguna egingo dutela herriko gaztetxean, 18:00etatik aurrera.
Halaber, plataformak azpimarratu du Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren kontrako prozesua erabat politikoa izan dela eta euskal militanteak izateagatik zigortuak izango direla. Dena den, lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute, "Euskal Herriak aurrera egin dezan".
Maiatzean azken erabakia
Maiatzean berretsi zituzten bi gazteen aurkako lau urteko espetxe zigorrak. Hilabete bat lehenago iritsi ziren epaien helegiteak Espainiako Auzitegi Gorenera, bi urteko itxaronaldiaren ostean. Bi gazteen absoluzioa eskatu zuen defentsak. Fiskaltzak, aldiz, zortzi urteko jatorrizko kartzela zigor eskaera aplikatzea eskatu zion Auzitegi Gorenari. Erakunde horrek, aldiz, Audientzia Nazionalak jarritako lau urteko kartzela zigorra berrestea erabaki zuen, baina orain arte ez du espetxeratze agindurik igorri.
Lau urteko prozesua
Modu horretan amaitu zen 2019an abiatutako prozedura judiziala. Urte horretako otsailaren 7an Barbado eta Zelaia atxilotu zituzten, "material lehergarriak" zituen bidoi bat "helburu terroristekin" gordetzea egotzita. Ia sei hilabete igaro zituzten prebentziozko espetxealdian, eta 2021ko urtarrilean epaitu zituzten Auzitegi Nazionalean.