Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren lau urteko espetxe zigorra berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Hala jakinarazi du Ankerkeriari Stop! plataformak sare sozialen bidez. Barbadoren abokatuak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari momentuz ez dela zehaztu espetxeratzeko agindua noiz sartuko den indarrean.
🚨 IRITSI DA AITOR ETA GALDERREN AURKAKO EPAIA: LAU URTEKO ESPETXE ZIGORRA BAKOITZARI.
— ANkerkeriariStop (@ANkerkeriaSTOP) May 25, 2023
Ya ha llegado la sentencia contra Aitor y Galder: cuatro años de prisión a cada uno.
ADI DEIALDIETARA! pic.twitter.com/F7SVJzCT3Z
Plataformak salatu du ebazpena "bost urteko ibilbide judizialaren ostean" etorri dela. "Espainiar Justiziak Ertzaintzak sukaldatutako prozesu honi espero genezakeen amaiera eman dio", salatu dute. "Beste behin ere, euskal jendarteari ulergaitza egiten zaion guda eta errepresio politikari eutsi diote".
Mobilizazioak datorren astean
Horren aurrean, "Euskal Herriak aurrera egin" behar duela nabarmendu dute. Horregatik, "indarrak biltzera" deitu dute, "ankerkeria" horri aurre egiteko. Aurreratu dutenez, datorren astean iragarriko dituzte mobilizazioak.
Iragan apirilaren 26an iritsi ziren Galder Barbado amurrioarraren eta Aitor Zelaia gasteiztarraren epaien helegiteak Espainiako Auzitegi Gorenera, bi urteko itxaronaldiaren ostean, baina orain arte ez da publiko egin bertan erabakitakoa. Bi gazteen absoluzioa eskatu zuen defentsak. Fiskaltzak, aldiz, zortzi urteko jatorrizko kartzela zigor eskaera aplikatzea eskatu zion Auzitegi Gorenari. Erakunde horrek, aldiz, Audientzia Nazionalak jarritako lau urteko kartzela zigorra berrestea erabaki du.
Modu honetan eman dute bukatutzat 2019an abiatutako prozedura judiziala. Urte horretako otsailaren 7an Barbado eta Zelaiarenatxilotu zituzten, "material lehergarriak" zituen bidoi bat "helburu terroristekin" gordetzea egotzita. Ia sei hilabete igaro zituzten prebentziozko espetxealdian, eta hurrengo urteko urtarrilean epaitu zituzten Auzitegi Nazionalean. Handik astebetera iritsi zen epaia. Epai horren helegitearen ebazpena, aldiz, orain arte luzatu da.