Partzuergoko langileen desplazamentu kopuru handiari aurre egiteko berehalako neurriak behar direla nabarmendu dute gaur goizean LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU erakundeek Eibarren.
Elkarretaratzea egin dute Haurreskolak Partzuergoaren aurrean, aldarrikatzeko bidaiak murrizteko egindako proposamenak berehala indarrean jartzea. Hau da, ordezkagunea, permutak eta leku aldatzeak.
Langileen antolakundeen mobilizazioaren pizgarria asteartean Amurrion gertatutako istripu hilgarria izan da. Hezkuntza erakundearentzat ordezkapen bat egitetik etxera itzultzen ari zela hil zen 32 urteko gizonezko amurrioarra.
Heriotzak eragin handia izan du eskualdean, ezaguna baitzen gaztea esparru ezberdinetan, baina, batez ere, kirolean. Atzo izan zen bere agur zeremonia Gasteizen eta gaur, ordea, elizkizuna izango da hiriburu arabarrean, San Francisco Javier parrokian, 19:30ean.