Duela zenbait hilabete, antolakuntzako zenbait kiderekin esperientzia txarrak izan ostean, Ibai Ruiz amurrioarrak iradoki zuen K-1 diziplinako borroka profesionalak utziko zituela.
Ordea, Thailandian egindako hiru dueluen ondoren eta horiek utzitako zapore gozoarekin, Ruizek urriaren 21ean Bilboko La Casilla Kiroldegian borrokatzea onartu du.
Erronka garrantzitsua izango du amurrioarrak, Vasco Pinto portugaldarrekin lehiatuko baita Iberiako Iska Txapelketa lortzeko. Gerriko hori eskuratzeak eskubidea emango lioke Europako Txapelketan aritzeko.
"Aukera ona eman didate eta espero dut Aiaraldeko jende pilo etortzea ikustera. Animoak behar ditut borroka honetan eta sarrerak saltzea garrantzitsua da gaubelarako. Ez nuen Vasco Pinto ezagutzen, baina bere borrokaren bat ikusi dut eta ona da", adierazi dio Ruizek Aialadea Komunikabideari.
Txapelketa gehiago lehian
Amurrioarra ikusteko sarrera erosten dutenek bestelako norgehiagokak ere izango dituzte gozagarri. Hain zuzen, Andoni Gago boxeolari bilbotarraren azken borroka egongo da, Naiara Olmedo bizkaitarra Espainaiko Txapelketa bereganatzeko igoko da ringera, Giorgi Bazanov boxeoan arituko da -ohikoan Kick Boxingean egiten du- eta Arkaitz Ramos 'Gudari' MMAra itzuliko da.