Amurrio Eskubaloi Taldeak ekin dio berriro kirol horri bultzada emateko lanari. Aurreko denboraldian zenbait ekintza antolatu eta gero, urriaren 3an Zaraobe Institutuan eskubaloian jokatzeko parada emango dute, 17:00etik aurrera.
2013, 2014 eta 2015ean jaiotako neska eta mutilei bideratuta dago ekintza, hau da, benjamin eta kimu kategorietan daudenei. Berez, klubak badauka benjamin taldea, zeinak Arabako Ligan jokatuko duen. Horrez gain, kimu taldea sortzen saiatzen ari dira.
Klubaren asmoa eskubaloia giro osasuntsuan eta integratzailean sustatzea da. Hori dela eta, hobekuntzara bideratutako trebakuntza saioak jasotzen ari dira.
Horrez gain, egitasmoaren nondik norakoak azaltzen ari dira. Horretarako, Patri Pinedo eta Unai Arrieta jokalari profesional ohiak ikastetxez ikastetxe aritu dira Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailetako ikasleei proiektu berriaren informazioa ematen.
Gogoratu beharra dago Pinedok brontzezko domina lortu zuela Brasilgo Munduko Txapelketan eta hiru aldiz irabazi zituela Espainiako Liga, Erreginaren Kopa eta Superkopa, 2010ean, 2011n eta 2012an.
Arrieta, bestalde, hamabost urtez aritu zen profesional mailan eta Bidasoan, Arraten, Ciudad de Logroñon edo Galdarren jokatu zuen.
Inork taldearekin harremanetan jartzeko nahia izango balu, amurrio.eskubaloia@gmail.com helbide elektronikora idatz lezake edo @amurrioeskubaloia Instagram profilera mezua bidali.