Larunbatean, irailaren 30ean, Aiarako Maratoi Solidarioa egingo du Abel Fernandez 'Spiderabel' korrikalari amurrioarrak, baina, oraingo honetan, "edizio berezia" izango da. 42 kilometroko ibilbidea Amurriotik abiatuko da eta Aiaraldeko hainbat herri eta auzo gurutzatu eta gero, Amurrion bertan amaituko da.
Ibilbidearen lehen sei kilometroak Amurrio erdigunetik egingo ditu Spiderabelek, herritarrek lagunduta. Hauek 10 euroren truke eman dezakete izena Oinkariak atletismo taldeko webgunean edo egunean bertan 15:00etatik aurrera Abigabarri kalean, irteera eta helmuga jarrita egongo den tokian. Nahi duten distantzia osatu ahalko dute gutxi gorabehera 6 kilometro orduko erritmoan.
Ibilbide herrikoia eta gero, Spiderabelek Amurrio utzi eta Aiararako bidea hartuko du. Murga, Luiaondo, Arespalditza, Zuatza, Menagarai, Kexaa eta Izoria zeharkatuko ditu berriz ere Amurriora itzuli baino lehen. Bañuetako jaietatik ere igaroko da; auzokideek 20:00ak aldera espero dute maratoilari solidarioaren bisita.
Nola lagundu
Dortsalen salmentarekin lortutako diru guztia ataxia telangiectasia gaixotasun arraro eta neurodegeneratiboaren ikerketara bideratuko da, Aefat elkartearen bidez, gaixotasuna duten pertsonen familien elkartea.
Elkarteari laguntzeko ez da nahitaezkoa izango korrika egitea, honek beste bide batzuk zabaldu baititu diru-ekarpenak jasotzeko. Abigabarri kalean itsulapiko bat jarriko dute eta Gabonetako loteria salduko dute. Horrez gain, aefat.es/dona atarian, Bizum bidez 01274 zenbakian, elkartearen Facebook eta Instagram kontuetan eta ES85 3035 0228 9622 8009 9996 kontu korrontearen bidez ere egin daiteke ekarpena.