Orozkon hasi eta Zegaman bukatu zen Mariren Kobak Trail Lasterketa

Aitor Aspuru Saez 2023ko aza. 13a, 16:10

Lasterkari bakarrak lortu zuen ibilbidea ezarritako denbora muga barruan amaitzea: Pablo Angulo Berangoko raider eta korrikalariak.

Orientazioa, euskal mitologia eta abiadura uztartu zituen Mariren Kobak Trail Lasterketak larunbatean eta 21 parte hartzailetik bakarrak bukatu zuen ibilbidea ezarritako 12 orduren mugen barruan. Pablo Angulo berangarra izan zen irabazlea eta 11 ordu eta 30 minututan iristea lortu zuen, 83 kilometro eginda.

Gorbeiako magalean kokatutako Urigoiti auzunean abiatu zuten lasterketa 7:00etan, eta Supelegorrera heldu ziren guztiak. Han zituzten Basajaun eta Mari zain.

Urkiolako parke naturalean, aldiz, Galtzagorriekin egin zuten topo lasterkariek, Anbotoren magalean, Ezkilarreko kobazuloan, baina horraino 18 partaide baino ez ziren heldu.

Haizearen eta eguraldi txarraren ondorioz, antolatzaileek Aketegiko koba (sarbide zaila duena) Aketegiko tontorrarengatik aldatu zuten eta sei korrikalari baino ez ziren bertaratu.

Helmugan bigarrenak, Castellóko Ruben Marc Cano korrikalariak, 12 ordu eta 9 minutu behar izan zituen eta 85 kilometro egin zituen guztira. Iker Karrera amezketarrak minutu batzuk gehiago behar izan zituen. 19:30ak jo baina lehen, Uxue Fraile eta Olatz Azazeta oso irribarretsu iritsi ziren helmugara, abentura osoa elkarrekin egin ondoren. Korrikalari donostiarrak esan zuen oso pozik zegoela helmugara iritsi zelako eta abentura Olatzekin eta hasieran Jonekin partekatu zuelako (hirugarren asistentzia-puntuan erretiratu zen). Marirekin topo egin zuenean, "begietara ez begiratzen" saiatu zen, "leizetik atzeraka ateratzen", Euskal Herriko antzinako legeak agintzen duen bezala. 

Abenturako gazteena, 25 urte besterik ez dituen Olatz Azazeta altsasuarra, oso eskertuta zegoen antolakuntzarekin eta abentura zehar alboan izan zituen kideekin. Gauzak hala, datorren urtean errepikatzea espero du. Helmuga igarotzen azkena Joseba Calzada bizkaitarra izan zen, raid-etako korrikalaria.

Argazkiak: Mariren Kobak Trail Lasterketa

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide