Iragan asteko ostegunetik gaur arte luzatu dira Tubos Reunidoseko hauteskunde sindikalak, eta emaitzak plazaratu berri dituzte. Ez da aparteko aldaketarik egon ordezkaritzetan: ELA gailendu da bozketetan, eta gainontzeko sindikatuek 2019an zituzten delegatu kopuruak mantendu dituzte. Gauzak hala, ELAk 8 ordezkari izango ditu Enpresa Batzordean, UGTk 5, LABek 4 eta bina ESK eta CCOOk.

ELAk oharra plazaratu du bere balorazioarekin. Bere hitzetan, "Tubos Reunidosen egindako lanaren eta konpromisoaren" emaitza da lortu duen garaipena. Horri lotuta, sindikatuko kideek nabarmendu dute ez zeudela ados enpresako azken hitzarmen kolektiboaren sinadurarekin. "Hitzarmen horrek oso iraupen luzea du (2027. urtera artekoa) eta edukiak nabarmendu hobetu zitezteen", azpimarratu dute oharrean.
Gauzak hala, hauteskundeen emaitzak ikusita, ELAk uste du "konfrontazioa eta mobilizazioa" direla bidea enpresak lan baldintzak eta enplegua erasotzen dituenean.