10 urte beteko ditu Amurrioko Gaztetxeak 2024an, eta horri begira motorrak berotzeari ekin diote dagoeneko Gazte Asanbladako kideek. Bideoa plazaratu dute gune autogestionatuak egun barnebiltzen dituen espazio eta ekimenak bistaratzeko, eta iragarri dute urtarrilaren 20an egingo dute urtemuga ospatzeko jai nagusia, "Belaunaldiz belaunaldi haziak loratu arte!" lemapean.
Datorren larunbatean -abenduak 2- aurkeztuko dute jaiaren kartel osoa. Agerraldia egingo dute horretarako goizeko hamaiketan, Gaztetxean bertan.
2014an aurkeztu zuen Amurrioko Gazte Asanbladak San Jose auzoko kultur etxean Gaztetxea atontzeko proiektua, aurreko urteetan hainbat mobilizazio eta okupazio saiakera egin ostean. Ordutik hona bertan garatu da gune autogestionatua, beste elkarte batzuekin elkarbizitzan, eta hainbat proiektu garatu dituzte lau pareten artean, entsegu, argazkilaritza edo ikasketa gelak kasu.