Peio Rivasek puntako ikuskizuna eskainiko du Amurrio Antzokian, beste mago batzuekin batera

Aitor Aspuru Saez 2023ko aza. 29a, 10:00

Peio Rivasek kartekin egiten du magia. / Aiaraldea.eus

Nazioarteko sariak jaso dituen mago laudioarrak puntako gala egingo du Amurrio Antzokian abenduaren 16an, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko lau magorekin batera, eta sarrerak salgai daude jadanik.

Peio Rivas mago laudioarra erronka berrien bila dabil eta hurrengoa Amurrio Antzokian izango da, abenduaren 16an 19:00etan. Izan ere, egun horretan gala egingo du Alejandro Revuelta, Hodei, Hector Sansegundo eta Ruben Diaz magoekin batera. Sarrerak salgai daude jadanik hemen.

Berez, hitzordu berezia izango da Peio Rivasentzat. Hain zuzen, eskualdean lehenengo aldiz taularatuko du hainbat sari ekarri dizkion ikuskizuna. Azkena Letonian jaso zuen, urrian.

Kide horiek hautatuta, Rivas saiatu da magiaren diziplina anitzak eskaintzen: "Karten manipulazioa lantzen dut nik, eta hainbat sari ekarri dizkidan ikuskizuna egingo dut lehenengo aldiz Aiaraldean. Hector Sansegundo segoviarrak magia komikoa landuko du, Hodei nafartarrak aurkezle lanak egingo ditu eta magia komikoa ere jorratuko du. Zaragozako Ruben Diazek ‘ilusio handiak’ generoan sartuko gaitu, gailu handiekin. Alejandro Revuelta, ordea, Santanderretik etorriko da eta mentalismoa jorratuko du".

Abenduan eta hurrengo urtean aukera gehiago egongo dira Peio Rivasen trebeziaren lekuko izateko, baina Amurriokoa aukera bakarra izango da bere ikuskizun sarituaz gozatzeko: "Laudiora etorriko naiz Kasinora pare bat egun; abenduaren 29an eta urtarrilaren 4an, eta ikuskizun berri bat plazatatuko dut bertan. Hortaz gain, hainbat gala ditut Zaragozan, Errenterian, Zarautzen, Artziniegan, Okondon… Eta bidaia bat agian oso urrunera. Ezin dut esan ezer momentuz". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide