Magia sariak pilatzen jarraitzen du Peio Rivasek. Rigan, Letoniako hiriburuan, ospatu zen iragan urriaren 6an Nazioarteko MagicMania - Wonderland magia lehiaketa. Mundu osoko zortzi herrialde desberdinetatik bertaratutako bederatzi mago igo ziren Olympic Voodoo Casinoko agertokira, laudioar gaztea tartean.
Hain zuzen ere, Rivas izan zen nazioarteko txapelketaren zazpigarren edizioko irabazlea. Hogei urteko magoak liluratuta utzi zuen ilusionista profesionalez osatutako epaimahaia bere karta trukoekin.
Ibilbide "meteorikoa"
Rigako saria azken urteetan pilatutako nazioarteko aitortza luzeen zerrendara batu du Peio Rivasek. Laudioarrak 2016an izan zuen lehenengo kontaktua magiarekin, baina azken urteak izan dira bere ibilbidea katapultatu dutenak. Apirilean estreinatu zuen ordu beteko magia ikuskizun luzea, baina aurretik eskuratua zuen Frantziako Magia Sari Nazionala, besteak beste.
Uda ere bizia izan du mago gazteak. Abuztuan bira luzea egin zuen Mexikon barrena, aretoz areto ikuskizunak eskainiz.