EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk aho batez onartu zuten atzo goizean Goikolarrako auzuneko obra lizentziei baimena ematea. Halaber, interes publikoko izaera aitortu zieten lan horiei. Bi prozedura horiek ezinbestekoak eta premiazkoak ziren Eusko Jaurlaritzak 3.400.000 euroko dirulaguntza bideratzeko proiektura, abenduaren 29an amaituko baitzen epea hori guztia berresteko.
Premiazkoa zen obren lizentziak onartzea, Eusko Jaurlaritzak abenduaren 29an jarri baitzuen muga horretarako.
Diru kopuru horri esker, Goikolarran dauden zortzi eraikinetatik, seik (hamabi atari guztira) bat egingo dute Eusko Jaurlaritzak proposatutako birgaitze planarekin eta hurrengo hobekuntzak egikarituko dituzte:
- Irisgarritasunaren esparruan igogailuak instalatuko dituzte.
- Energiaren eragikortasunaren alorrean, fatxadak eta estaldura isolatuko dituzte eta plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte. Leihoak ere aldatuko dituzte etxeen eraginkortasun energetikoa hobetzeko %60an, gutxienez.
- Telekomunikazio eta elektrizitate harguneak ere berrituko dituzte.
Zaurgarritasun egoeran dauden familiak babesteko programa
Eusko Jaurlaritzak programa sortu du zaurgarritasun egoeran dauden EAEko hamar auzotan esku hartzeko. Horietako bi Urduñan daude: Maria Dolores Madaria eta Landatas; eta Goikolarra da hautatu duten besteetako bat. Horrek esan nahi du diru sarrera urriak dituzten elkarbizitza unitateek dirulaguntza handiagoa izango dutela. Jaurlaritzaren 3.400.000 euro horiek eta gero, Next Generation funtsenak etorriko dira, lanak guztiz zehazten direnean.
Zaurgarritasun egoera dauden bizilagunek dirulaguntza kopuru handiagoak jasoko dituzte.
Edonola ere, esku hartzea ez dago guztiz itxita. Udalak aukera ireki du, baina azken erabakia bizilagunena izango da. Behin enpresen aurrekontuak izanda, atari bakoitzeko komunitateak baloratuko du egitasmoarekin aurrera egin edo ez.
Hori bai, momentuz, auzo elkarteak adierazi du pozik daudela ekimenarekin.
1.400.000 euro gehiago inbertsioetarako
Goikolarrako herritarrek kudeatuko dituzten obrak ez ezik, Amurrioko Udalak beste 1.400.000 euroko gastua ere egingo du auzunean. Diru hori eskatu zuen Arabako Foru Aldundiaren Obren deialdian eta proposamena onartu zioten. Besteak beste, ingurunea urbanizatzeko baliatuko dute diru hori, baina oraindik ez dituzte zehaztu proiektuaren nondik norakoak. Hori bai, 2025eko urrian dena amaituta egon beharko da.