Raku Eguna antolatu dute Amurrion, Garikoitz Ibarrola omentzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko mar. 1a, 07:00

Garikoitz Ibarrolaren omenez Txibiarten jarritako arranoa. / Aiaraldea.eus

Martxoaren 16an Raku Eguna ospatuko dute Amurrion, 2020an zendu zen Garikoitz Ibarrola omentzeko asmoz. Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta Zutik! taldeak kantua sortu du.

Garikoitz Ibarrola amurrioarra 2020ko martxoaren 15ean zendu zen, COVID-19ak eragindako konfinamendua hasi berritan. Salbuespenezko egoera tarteko, ezinezkoa izan zen senide eta lagunentzako agur omenaldi bat eskaintzea. Hori dela eta, Raku Eguna antolatu dute datorren martxoaren 16an, "Gari behar bezala agurtzeko".

Egun osoko egitaraua

Martxoaren 16rako egun osoko egitaraua prestatu dute Gariren lagunek. Mendi irteera batekin abiatuko dituzte jarduerak. 9:00etan Amurrioko Telefonikatik abiatuko dira, eta 9:30ean Lezamako Bideko jatetxe aurrean batuko dira gainerako parte hartzaileekin. Mendi ibilaldia Txibiarteko tontorreraino igoko da, bertan Gariren omenez jarritako arranoa bisitatzeko, eta jarraian Gariren monolitoaren inguruan egingo dute hamaiketakoa.

Herrira bueltatzerakoan bazkaria egingo dute Juan Urrutia plazan. Otorduko txartelak martxoaren 10era arte egongo dira salgai Amurrioko Biderdi, Txokogorri eta Ganbara tabernetan, Laudioko Drumgorri aretoan eta Orozkoko Itxina tabernan.

Aiaraldeko Soinu Sistemaren musikarekin eta briska txapelketarekin girotuko dute bazkalostea. Arratsaldean, aldiz, musika-poteo batek zeharkatuko ditu Amurrioko kaleak.

Egunari kontzertuekin emango diote amaiera.  21:30etatik aurrera Zutik! eta Habemus Papam taldeak igoko dira oholtza gainera. Festa-giroa musika jartzaile batekin luzatuko dute. Gainera, kontzertuak iraun bitartean, elkartasun txosna jarriko dute. AEFAT elkarteari eta Galder Babrado presoaren senideei emango diote bertan bildutako dirua.

Abestia

Zutik! taldea izan da egunari soinu banda jartzeaz arduratu dena. Gariren omenezko abestia ekoitzi dute: Izarren iraultza. Azaldu dutenez, egun gutxitan sortu zuten kanta, eta Burubio Elkarteko estudioetan grabatu zuten. Habemus Papameko kideen eta Gariren senideen laguntza jaso dute abestia osatzeo. 

"Beti laguntzeko prest"

Pertsona ezaguna zen Amurrion Garikoitz Ibarrola. Horren erakusgarri dira pandemia betean zendu zenean Ibarrola agurtzera balkoietara azaldu ziren dozenaka herritarrak. Amurrioko elkarte ugaritan ibilitakoa izan zen Gari: Mendiko Lagunak, Herriarenak Jai Kuadrilla, ehiza elkartea... Ekintza ugaritan ere aletxoa jarri zuen. "Beti zegoen laguntzeko prest" gogoratu dute bere senideek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide