Otsailaren 1ean plazaratu zuen Burbuilak taldeak bere lehen diskoa, eta ostiralean aurkeztu zuten ofizialki Amurrio Antzokian.
Emanaldi berezia izan zen, hainbat arrazoi medio. Alde batetik, Irati eta Izar Mendiguren Cosgayak eta Izaskun Del Cerrok osatutako hirukotea ohituago dago oholtza txikiagoetan aritzea, eta horrelako areto bat baliatzeak aukera eman zien gauza berriak probatzeko ohikoan baliatzen ez dituzten elementu batzuekin (argiak edota eszenografia kasu).
Bestetik, hiru musikariak ez ziren bakarrik egon eszenatokian, "lagunez inguratuta" baizik. Gauzak hala, hainbat sortzaile batu ziren kontzertura: Jone Urruela bibolin-jolea, Patas de Gansa kolektiboko Leire Sanjurjo dantzaria, Uluka taldeko (Mendiguren Cosgaya ahizpen aurreko taldeko) kide izandako Garazi Abrisketa, Izaro Otaegi dantzaria edota Txema Isasi perkusiogilea.
Aiaraldea Komunikabideak osorik grabatu zuen kontzertua eta bihartik aurrera egongo da ikusgai Aiaraldea.eus atarian.
Argazkiak: Endika Diaz Garcia (@endikadiazfoto)