Amurrio Clubeko beteranoek Frende klub portugaldarraren aurka jokatuko dute eta Athletic Cluba ikusteko sarrerak zozkatuko dituzte

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 5a, 10:45

Amurrio Clubak 75 urte beteko ditu aurten. / Cris Gomez

Euskal Non League ekimenaren eta Amurrio Clubaren 75. urteurrenaren harira izango da partida eta sari ugari banatuko dituzte. Martxoaren 23an jokatuko dute.

Athletic Clubak sustatutako Euskal Non League ekimenak eta Amurrio Clubak aurten ospatuko duen 75. urteurrenak bat egingo dute martxoaren 23an. Hain zuzen, amurrioarren beteranoen taldeak Futbol Clube de Frende erakunde portugaldarraren aurka jokatu du. Norgehiagoka 18:00etan izango da eta horren ostean Chiqui Lorak joko du, jaiarekin jarraitzeko.

Horrez gain, sari ederrak banatuko dituzte egun horretan eta hurrengoetan, guztiak Athletic Clubari lotutakoak. Izan ere, tokiko zaletasuna bultzatzea da Euskal Non League egitasmoaren helburua

Sariak Athletic Clubeko gizonezkoen taldea ikusteko 

Hiru sari nagusi egongo dira. Alde batetik, sarrera bikoitza zozkatuko dute Athletic Clubeko gizonezkoen lehen taldearekin batera San Mamesetik kanpo jokatuko den LaLigako partida batera joateko. Bidaia eta egonaldia sariaren parte dira eta zozketa martxoaren 25ean egingo dute.

Bestetik, Lions Experience bizi ahal izateko sarrera bikoitza ere egongo da jokoan. Horri esker, San Mamesen jokatuko den LaLigako partida batera joan ahalko dira zozketaren irabazleak, eta honako hau izango dute eskura: VIP eraztuneko eserlekuak, welcome pack-a eta futbolarien etorrera estadiora barrutik bizitzeko aukera. Hori gutxi balitz, saridunek aukera izango dute soropilean bertan jokalarien beroketa ariketak ikusteko eta partida amaitzean futbolarietako batekin topaketa izateko. Zozketa martxoaren 25ean egingo dute.

Azkenik, San Mameseko partida baterako sarrera bikoitzak zozkatuko dituzte. Amurrio Clubak egingo du partidaren atsedenaldian. Boletoak salgai egongo dira herriko zenbait tabernatan eta Basarte futbol zelaian bertan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide