Tubos Reunidos enpresako sindikatuek Amurrioko beharginei zein lantegian aritzen diren azpikakontratatakoei jakinarazi diete labe kalibratzailean amiantoa agertu zela otsailaren 26an, han egiten ari ziren obretan.
Lanek martxoaren 3ra arte jarraitu zuten eta gero gelditu zituzten. Hori dela eta, inguruetan egon diren langileei eskatu diete zerbitzu medikuekin harremanetan jartzeko.
Gainera, egoera ez kontrolatzea leporatu dio enpresa batzordeak konpainiari. Jakinarazpena martxoaren 5ean izan zen. Tubos Reunidosi eskatu zioten prebentzio ordezkariekin premiazko bilera egitea, jakiteko zein neurri hartu dituen enpresak, zein langile izan ahal diren kaltetuak eta abar.
Halaber, sindikatuek uste dute 2005ean egindako amiantoari buruzko ziurtagiriak (zeinak adierazten zuen fabrikan ez zegoela mota horretako materialik) ez duela balio, eta berria osatu behar dela.
Enpresa eta sindikatuen arteko talka
Sindikatuen komunikazioak zuzendaritzaren erantzuna izan du, bi arrazoi direla medio. Alde batetik, enpresa batzordeak adierazi du behin baino gehiagotan topatu dutela amiantoa lantegian (ESK sindikatuak erantsi du lau aldiz gertatu dela azken lau urteetan), eta konpainiako arduradunek adierazi dute hori ez dela egia.
Bestalde, Tubos Reunidosek azaldu du amiantoa identifikatu bezain pronto eten dituela lanak eta enpresa bat kontratatu duela egoera bideratzeko.
Amiantoa minbizia eragin dezakeen materiala da eta Aiaraldeko osasun publikoan eragin handia izan du.