Renfen erreklamazioak egiteko deia zabaldu zuten duela zenbait egun Maria Luisa Goikotexea eta Itziar Moleres urduñarrek, tren zerbitzua irisgarria izatea eskatzeko. Gaur, Amurrioko pentsiodunek euren asteleheneroko elkarretaratzea baliatu dute aldarri horrekin bat egiteko.
Tren geltokira jo dute dozenaka lagunek, eta erreklamazio orriak bete dituzte bertan. Hala ere, bakarra tramitatu ahal izan dute, ez zeudelako guztientzako orri nahikorik. Dena dela, horrelako ekimen gehiago egingo dituztela iragarri dute, eta herritar guztiei luzatu diete kexak izapidetzeko deia.