Erreklamazioak egiteko deia zabaldu dute Maria Luisa Goikoetxeak eta Itziar Moleresek, Renfeko tren berriak irisgarriak izan daitezen

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 20a, 12:00

Maria Luisa Goikoetxeak tren irisgarriak behar ditu Urduñatik atera ahal izateko. / Aiaraldea.eus

Espainiako Gobernuak 500 tren berri erosiko dituela iragarri ostean, Maria Luisa Goikoetxeak eta Itziar Moleres urduñarrek deia zabaldu dute herritarrek erreklamazioak egin ditzaten. Helburua da C-3 lineara unitate berri eta irisgarriak heltzea.

Renfeko tren zerbitzua hainbat albisteren ardatz izaten ari da azkenaldian. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostu dute jadanik aldirikoen kudeaketa EAEko erakundearen esku uztea.

Horrekin batera, Espainiako Gobernuak adierazi du bere asmoa dela 500 tren berri erostea.

Erosketa horren data ez dute zehaztu, ezta unitateak nora joango diren ere. Horregatik, Maria Luisa Goikoetxea eta Itziar Moleres urduñarrek deia zabaldu dute erreklamazioak egiteko, egungo zerbitzua ez baita irisgarria. Gogoratu beharra dago Goikoetxeak aulki gurpilduna erabili behar duela eta Moleresen alabak ere mugikortasun arazoak dituela gaixotasun arraro baten ondorioz.

Gauzak horrela, euren aldarrikapen ekimenarekin azaleratu nahi dute Renfeko C-3 zerbitzuan irisgarritasun araudia ez dela betetzen eta tren berriak behar direla.

C-3 lineako tren berriak, Madrilgo eta Bartzelonako tren zaharrak

Aiaraldea Komunikabidea Renfe enpresako iturri sindikalekin mintzatu da balizko tren berri horiei buruz eta erantzuna izan da ez dakitela ezer, ez eskualdera helduko diren, ezta noiz egongo diren funtzionamenduan ere. Halaber, gogoratu dute orain arte C-3 linean jasotako tren "berriak" Bartzelona eta Madrilen kendu dituztenak izan direla, hara unitate berriak heltzean. Horrek esan nahi du C-3 lineara heltzen direnean, jadanik hamar edo hamabots urtez egon direla lanean hiriburu handi horietan.

Hain zuzen, hori da arazo teknikoak eragiten duen aldagaietako bat: makina zaharrak direnez, maiz ez dago piezarik merkatuan matxurak konpontzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide