Amurrioko 24 enpresa bildu dira GoienerAm elkartearen barruan, energia komunitate berria sortzeko urratsak emateko.
Amurrio Bidean garapen agentziak sustatutako elkartea da GoienerAm, eta honela definitu dituzte energia komunitatea sortzeko helburuak: "Energia komunitateak ohiko sare elektrikotik berezita dagoen eta energia berriztagarriak erabiltzen dituen instalazio autosufiziente eta autonomoa partekatzen duten enpresek osatzen dute. Kide guztiek beren burua hornitzen dute, eta honekin kostuak merkatzea eta ingurumena zaintzea lortzen dute".
Gaur gaurkoz elkartea osatzen duten 24 enpresek 192 langile ordezkatzen dituzte guztira, udalerriko hainbat poligono industrialetan sakabanatuta: bederatzi enpresa daude Aldaiturriagako enpresa-eremuan, zazpi Maskuribain, bost Saratxon eta bana Kaltzadako, Zankuetako eta Artomañako inguruetan.
Elkartera batzeko enpresa gehiagoren bila jarraitzen du GoinereAmek, eta Internet bidezko galdetegia osatu du interesa duten horientzako.
Arabako bigarrena
GoienerAm elkarteak aurten sortu nahi du Amurrioko enpresak bilduko dituen komunitate energetikoa. Amurriokoa gisa honetako Arabako bigarren komunitate energetikoa litzateke, Laudio Group enpresa taldeak sortu berri duenaren atzetik.
Laudioko bederatzi enpresek 100kWko potentzia duten bi instalazio jarriko dituzte urtea amaitu aurretik eta kontsumoaren %20-25 eguzki-plaketatik jasotzea aurreikusten dute.