Lehenik eta behin, nor da Bambi?
Hau da ohikoan erantzutea gehien kostatzen zaidan galdera. Nor da Bambi? Suposatzen dut 25 urteko artista multidiziplinar transa naizela. Trans pertsona bat naiz gauza gehienen gainetik, eta nire prozesu artistikoan isla handia dauka horrek. Zer gehiago naiz? Pixkat sorgina ere bai banaiz. Klixea dirudi baina pertsona librea naiz, gainerakoen iritzietatik aparte bere bizitza bizi nahi duena.
Aipatu duzu trans pertsona izateak gauza ororen gainetik definitzen zaituela.
Gauza guztien gainetik ez bada, gehienen gainetik banaiz. Trans, marika eta lodi gisa definitzen dut nire burua. Transa, trantsizio bat egin duen pertsona naizelako. Marika, emakume trans bat izan arren, kolektiboarekin harremanetan egoteko bere modua galdu ez duen pertsona naizelako, zirku bat naizelako, eta nahi dudana egiten jarraitzen dudalako, maskulinotzat edo femeninotzat juzgatzeko beldurrik gabe. Eta lodia, agerikoa delako [barreak].
“Eta draga egiten duen mutiko bat baino zerbait gehiago baldin banaiz?”
Nola hasi zenuen trantsizio prozesua?
Istorio polita da. Nire lagun trans askok aipatzen dute txiki-txikitatik zekitela emakume transak zirela, ikusteko gai zirela. Ez da hori nire kasua. Ni beti izan naiz normatik ateratzen zen mutiko bat —maskulinoa erabiliko dut, horrela adierazten dut nire garaiko burua eta—, mutiko arraro bat. Ordea, txikitan ez nuen inoiz sentitu gizonezko baten gorputzean harrapatuta zegoen emakumezkoa nintzenik, are gutxiago.
Hamabost urterekin draga egiten hasi nintzen, eta hor sortu ziren nire lehenengo pentsamenduak.
Orduko hartan draga ez zegoen hain hedatua, eta ez zegoen draga egiten zuen nire adineko ia inor. Hor hasi nintzen genero-identitatearekin jolasten eta abar. Artista drag-ak ezagutzen hasi ninzten, eta baita trans pertsonak ere. Batzuekin zein besteekin identifikatzen nintzela ohartu nintzen. Oraindik nire burua ez zen gai ulertzeko bi esparrutan aritu nintekeela; hau da, trans pertsona bat drag munduan aritu zitekeela. Kale edo bale zen, edo pertsona trans bat zara edo draga egiten duzu.
Esan ohi da drag ikuskizunek bidea egiten laguntzen dietela trans pertsonei. Ez da nire kasua. Nirea interes artistikoa zen, ez nuen drag-aren beharrik gauza femeninoekin esploratzeko. Ikuskizunetik kanpo ere zirko bat nintzen ordurako, baina nire egoera berdinean zeuden pertsonak ezagutzeko aukera izan nuen.
Buruari eragiten hasi nintzen: “Eta draga egiten duen mutiko bat baino zerbait gehiago baldin banaiz?” Garai horretan deskubritu nuen La Veneno, eta ordura arte ez nuen erreferentea aurkitu nuen bertan. Gerora deseraiki egin dut zertxobait mitoa, baina oso garrantzitsua izan zen niretzat.
Prozesu guzti horretan erreferenteak izatea ezinbestekoa izango da, ezta?
Oso garrantzitsuak bai. Nire erreferenteak ez dira inoiz izan, ordea, egungo pertsona trans erreferenteak. Nik beti izan ditut inspirazio 1970eko hamarkadako erreferenteak. Nire izena, Bambi, 1940ko hamarkadako Parisko Vedette baten omenez jarri nuen.
Pentsatzen jarrita, ez nuke gaur egungo trans erreferente bakar bat ere aipatuko; nire lagunak, noski, baina esfera horretatik kanpo inor ez. Pertsona nagusiagoetan daude nire erreferenteak.
Azken urteetan trans YouTuber ugari agertu dira, baina niri ez didate inoiz aparteko interesik sortu. Nik XX. mendeko artistak nituen ipar, generoarekin jolastu eta esperimentatu zuten haiek. Garai hartan genero-identitateaz ezer gutxi hitz egiten zen, eta uste dut gaia ikuspegi irekiagotik eta esperimentaletik heldu ziotela nire erreferente direnak.
Uste dut gaur egungo trans erreferenteek oso ikuspegi itxietatik hitz egiten dutela trantsizio prozesuen inguruan: emakume transa bazara bide hau jarraitu behar duzu eta %100ean emakume bihurtu behar zara… Gaur egungo erreferenteak oso erreferente binarioak dira, eta, nahitaez gure bideak markatzen dituzte. Nik ere nire burua erreferente eta korronte horiengatik markatua ikusten dut, nahi ez dudan arren. Hori guztia esanda; erreferenteak berebizikoak dira niretzako, ezin dut nire bizitza ulertu haiek gabe. Egiten dudana, esaten dudana, janzten dudana… dena dago erreferenteetan oinarrituta.
"Disforia etengabe batean bizi naiz ni, izugarrizko antsietatea sortzen dit, eta uneoro ari naiz nire zalantzekin borrokan"
Duela hilabete batzuk kirurgia egiteko erabakia hartu zenuen.
Egiteko baino, ebakuntza finantzatzeko erabakia [barreak]. Trantsizio prozesua abiatzen duzunean, ideal batzuen baitan egiten duzu. Helmuga jartzen diozu zure buruari: hau eta bestea egingo dut, ebakuntza hura… Lehen aipatzen genuen erreferenteen ildotik, hedabideetan agertzen diren pertsona trans gehienek hori egiteko baliabide ekonomikoak dituzte, eta trans pertsona gehienak ez gaude egoera horretan. Nire prozesua asmo handiekin hasi nuen, baina ikasi nuen gauzak beste modu batera egin beharko nituela, desiratzen nuen hori egiteko baliabiderik ez nuela. Horrek, ordea, topea dauka; zure buruaren onarpenak mugak ditu.
Disforia etengabe batean bizi naiz ni, izugarrizko antsietatea sortzen dit, eta uneoro ari naiz nire zalantzekin borrokan. Denbora luzez pentsatu ostean, crowdfunding kanpaina abiatzea erabaki nuen GoFundMe plataformaren bidez, aurpegiko feminizazioa egiteko. Asko kostatu zitzaidan erabakia hartzea. Nik beti irudikatu dut nire burua pertsona indartsu bat bezala, eta horrela azaldu naiz jendaurrean. Urrats honek nire ahultasun asko azaleratzea suposatzen zuen.
Nire inguruan ohikoak izan dira horrelako kanpainak kirurgiak finantzatzeko. Lagunen artean elkar laguntzeko modua da. Sekula ez nuke pentsatuko izan duen oihartzuna izango zuenik, Amurrion eta inguruan hainbeste zabalduko zenik, eta hainbesteko babesa jasoko nuenik. Zenbat eta antz handiagoa izan zure buruaz amestu duzunarekin, orduan eta autentikoagoa izango zara. Denbora asko daramat esaldi hori nire ingurukoei errepikatzen, baina ez diot inoiz nire buruari aplikatzen. Orain da unea.
"Transa marjinala da. Kolektiboko pertsona gehienok oso baldintza prekariotan bizi gara, langabezia tasa izugarria da…"
Uste duzu klase sozialak eta baliabide ekonomikoek trans pertsonen trantsizio prozesua baldintzatzen dutela?
Erabat. Azkenaldian, sektore erreakzionarioen aldetik asko errepikatzen ari da trans-a elitista dela. Transa ez da elitista inondik inora, elitistak dira inposatzen zaizkigun kanon estetikoak, eta artaldean integratuta egoteko jarraitu behar ditugunak.
Transa marjinala da. Kolektiboko pertsona gehienok oso baldintza prekariotan bizi gara, langabezia tasa izugarria da…
Trans pertsonen lana aurkitzeko zailtasuna salatu egin duzu.
Trans pertsonen %85 langabezian daude. Datu erreala da hori. Nik neuk bizi izan ditut bazterketa egoerak: argudiatu egin didate pertsona trans edo “normal” baten kontratazioaren aurrean, bigarrenak gaitzespen gutxiago eragiten duela. Okerrena da ni diskurtso hori irenstera iritsi naizela ere.
Zure ibilbide artistikora itzuliz, zer garapen izan du azken urteetan?
Nik makillajea ikasi nuen, pelikuletako efektu bereziek beti erakarri izan nautelako. Pragan opera batean egin nuen lan, eta Amurriora bueltatzerakoan Madrilera jotzea erabaki nuen. Bertan argazki-sesioetan makilatzen hasi nintzen, baina segituan jarri ninduten kamara baten aurrean modelo lanetan. Sekula ez nuen pentsatu horretan arituko nintzenik. Gauza batek bestera eraman ninduen eta aktore lanetan edota performanceetan ere bukatu dut. Iruzurtiaren sindromearekin elkarbizitzen ikasi dut [barreak].
Artista ezagun ugarirekin aritu naiz lanean; Samnatha Hudson, La Prohibida, Karmento… Paul Preciadorekin ari naiz orain, berak sortutako antzerki pieza batean. Paul nire erreferente nagusietako bat izan da, berarekin lanean hasi aurretik ere.
Paul Preciado Katalina Erausori buruzko erakusketaren ostean jarri zen nirekin harremanetan, nik ezin nuen sinetsi. Bi urte daramatzagu hainbat herrialdetatik antzezlana taularatzen.
“Inoiz inori nik bere garaian izan nituen zalantzak sortzen bazaizkio, jakin dezala baduela norengana jo”
Amurrion eragina izan duzula uste duzu?
GoFundMe kanpaina abiatu nuenetik, asko aldatu da Amurriorekiko dudan pertzepzioa. Asko hedatu zen nire bideoa, eta jende askok erakutsi zidan babesa. Herri irekia dela deritzot, baina horrek ez du esan nahi kalera ateratzen naizenean barreak eta komentarioak entzuten ez ditudanik. Horregatik, asko hunkitu ninduen bideoak eta nire eskaerak izandako harrerak. Babes eta berotasun hori eskertu nahi ditut.
Gustatuko litzaidake pentsatzea atzetik datozenentzat bidea urratu dudala nolabait. Amurrion inoiz inori nik bere garaian izan nituen zalantzak sortzen bazaizkio, jakin dezala baduela norengana jo.