2022an epaitu zuten Amurrioko 46 urteko bizilagun bat bere bikote ohia modu errepikakorrean erasotzeagatik. Gasteizko Epaitegiak 15 urteko zigorra ezarri zion gizonari bere emazte ohia mehatxatu, bortxatu eta jazartzeagatik, baita urruntze agindua hainbat aldiz urratzeagatik ere. Berez, gizona presondegian sartu zuten 2020an geolokalizazio eskumuturra kendu zuelako. Gogoratu beharra dago akusazioak 27 urteko zigorra eskatu zuela.
Aste honetan Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du zigorra eta erasotzaileak Zaballako espetxean jarraituko du. Vocento taldeak argitaratu duenez, hamabost urte horietatik, hamar eta erdi igaro beharko ditu kartzelan.
Erasoak eta mehatxuak
Epaileek frogatutzat jo dute gizonezkoak emakumea eraso, jazartu eta mehatxatu zuela (baita seme-alabak mehatxatu ere) eta ez dituzte aintzat hartu gizonezkoaren helegiteak, ez dutelako frogarik erabili, emakumezkoak gezurrak esaten zituela aldarrikatzen zutelako soilik.
Emakumea, bere aldetik, babes programa batean hartu zuten eta, Vocentok azaldu duenez, bere familiak arbuiatu du gainera. Tratu txarrak, berez, sei urtez luzatu ziren, bikotea 2014an banandu baitzen eta erasotzaileak ez zuen bere jarrera utzi harik eta espetxeratu zuten arte.
Hori guztia Aiaraldean gertatu zen eta emakumezkoa ez zen ausartu salatzen ez zuelako inor ezagutzen eskualdean.
Epaiketan azaldutakoaren arabera, emakumezkoak hainbat urtez jasan zuen indarkeria matxista, besteak beste, gizonezkoak heriotza mehatxuak egin zituelako euren seme-alaben kontra. Ertzaintzak bikote ohia atxilotu zuenean lapurreta egiteagatik, bere gauzen artean topatu zituen emakumezkoaren eta adingabeen dokumentazioa (ihes egin ez zezaten). Orduan erabaki zuen emakumeak egoera salatzea.