Maiatzaren 3an izan zen Kaos Fighter borrokaldia Bilboko La Casillan eta Jon Garciak ('Jon Ghar'' ezizenez ezaguna) bere hitzorduan irabazi zuen. Horri esker, gerrikoa eraman zuen etxera. Berez, Muay Thai diziplinan lehiatu zen amurrioarra.
Kaos Fighter egitasmoko hamar borroka amateur kategoriakoak izan ziren, Garciarena barne. Beste zazpi, aldiz, profesional mailakoak izan ziren.
Profesionalen artean Ibai Ruiz amurrioarra (Jon Gharen irakaslea) ringera igotzea zegoen aurreikusita, Espainiako Txapeldunaren titulua eskuratzeko. Baina Ruizek lesioa izan zuen eta ezin izan zuen borrokatu. Edonola ere, aurrerago, osatzen denean, aukera izango du titulua lortzeko.
Garciarentzat bigarren garaipena izan da tarte txikian. Izan ere, urrezko domina eskuratu zuen Cazalegaseko Open Iberiarrean martxoaren amaieran.