Birrindu egin dituzte Osakidetzaren erantzunak, “aitzakiak" direla argudiatuta

Txabi Alvarado Bañares 2024ko mai. 25a, 12:14

Salatu dutenez, Osakidetzak uko egin dio Etengabeko Arreta Guneetan uneoro medikuak egotea bermatzeari. 

Ehundik gora lagun bildu ziren ostegunean Amurrioko anbulatorioaren aurrean, duela hilabete bat baino gehiago abian jarritako erreklamazio kanpainari Osakidetzak emandako erantzuna salatzeko.

Iragan apirilaren 10ean agerraldia egin zuten hainbat bizilagunek Laudioko osasun zentroaren aurrean. Osasun sistema publikoan ematen diren “eskubide urraketak” salatzeko deia egin zuten bertan, eta hainbat erreklamazio tramitatu zituzten, azken hilabeteetan eskualdeko Etengabeko Arreta Guneak hainbat aldiz medikurik gabe egon direla salatzeko. 

Ordutik hona, beste hainbat norbanako eta eragilek ere egin dute bat kanpainarekin. Laudioko pentsiodunek, adibidez, erreklamazio kolektiboa egin zuten.

Atzoko agerraldian, aldiz, salatu zuten Osakidetzak erantzun egin diela jarritako erreklamazio batzuei, baina “aitzakia bera” erabili duela kasu guztietan: “medikuen eskasia dagoela eta, horregatik, baja batzuk, ‘ahaleginak egin arren’, ezin direla familia-medikuntzako profesionalekin bete; eta kasu horietan, ‘arreta mediku atzeraezina’ behar izanez gero, ‘egokiena den zentrora’ joatea beste erremediorik ez dugula”.

Osakidetzak erantzun egin die herritarrek jarritako erreklamazio batzuei, baina “aitzakia bera” erabiliz, atzoko agerraldiko kideen ustetan.

Agerraldian parte hartu zuten bizilagunen hitzetan, horrek esan nahi duena da Osakidetzak ez duela “ezer konponduko”, eta herritarrak direla “egoera berrira ohitu” beharko direnak. 

Horren aurrean, atzoko agerraldian nabarmendu zuten ez zirela “Osakidetzaren aitzakiekin” konformatuko, eta mobilizatzen jarraituko zutela ziurtatu zuten, jasotako erantzunak paper-birringailu batean sartzen zituzten bitartean. 

Aiaraldeko gainontzeo herritarrei, aldiz, borrokara batzeko deia luzatu zieten: “Gazte, ikasle, langile, pentsiodun… zabaldu mezu hau zure inguruan, hurbildu asanbladetara edo egin zure ekarpena mobilizazioetara etorriz. Guztion esku dago denona den osasun sistema babestea”.

Berriro ere medikurik gabe Amurrion

Agerraldian bertan aipatu zutenez, mediku gabeziak eguneroko arazoa izaten jarraitzen du eskualdeko anbulatorioetan. “Iragan larunbatean hemen, Amurriokoan, egon ziren berriz medikurik gabe”, aipatu zuten. Gauzak hala, “erreklamazioen kanpainako indarrak biderkatzera” deitu zituzten bertaratutakoak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide