Tubos Reunidos enpresak akziodunen batzarra egin zuen atzo Guggenheim Museoan. Hori dela eta, elkarretaratzea egin zuten Trapagako lantegiko ESK eta LAB sindikatuen atalek eta Amurrioko fabrikako ESKko ordezkaritzak. Mobilizazioaren helburua izan zen salatzea konpainiak aldi baterako enplegua erregulatzeko espedienteak erabiltzen dituela lan hitzarmenak ez betetzeko, malgutasuna ezartzeko beharginen artean eta etekinak biderkatzeko.
"Amurrion azken 9 urteetan aplikatutako zazpigarren ERTEa da orain indarrean dagoena, eta Trapagaranen bosgarrena. Hau da, azken 9 urteetan, langileak enpresaren nahien mende egon dira, lanaldiaren ia %50 murrituz", gogoratu zuten sindikatuek. Bide batez, azpimarratu zuten iaz 50 milioi euroko mozkinak izan zituela enpresak eta erakundeei exijitu zieten neurriak hartzeko, behin-behineko premiazko neurriak ez daitezen etekinak handitzeko tresna bilakatu.