6.777.000 euro banatu zituzten guztira iaz Tubos Reunidoseko kontseilari eta goi kargudunen soldata eta dietetan. Hala ikusi daiteke Amurrion finkatutako multinazionalak Balore Merkatuaren Espainiako Batzordera igorritako dokumentazioan.
Administrazio kontseiluko 12 kideek 964.000 euro jaso zituzten guztira. Horrek jaitsiera bat ekarri du aurreko urteari dagokionez, 2022an 1.286.00 euro baliatu baitzituzten, kide bat gutxiago egonda gainera.
Hala ere, kontuan hartu behar da Tubos Reunidoseko presidenteak, Francisco Irazustak, uztailean dimititu zuela, eta horrek eragina izan duela jaso duen diru kopuruan.
Hemen ikus daiteke bilakaera kontseilariz kontseilari:
Goi kargudunek, 5,8 milioi euro
Administrazio kontseiluan ez dauden goi kargudunen artean banatu zen diru gehiena, 5.813.000 euro guztira. Kopuru horrek igoera nabarmena izan du azken hiru urteetan, 2023an 2021 eta 2022an baino goi kargudun bat gutxiago egon arren.
Hauek dira goi-kargudun horiek (txostenak ez du zehazten zenbat diru jasotzen duen bakoitzak):
- Carlos Lopez De Las Heras CEO
- Jagoba Hernandez Arbulu Director Supply Chain
- Sergio Saenz Solano Eraldaketa digitaleko zuzendaria
- Anton Pipaon Palacio Negozioaren jasangarritasun eta garapen zuzendaria
- Alberto Santamaria Rubio Barne-ikuskaritzako zuzendaria
- Andoni Jugo Orrantia Tubos Mill-eko industria zuzendaria
- Ines Nuñez De La Parte Idazkari nagusia eta kontseiluakoa / Aholkularitza juridikoko zuzendaria
- Francesc Ribas Collell Tubos Reunidos Américako zuzendaria
- Jon Bikandi Iturbe Mill produktuetako industria zuzendaria
- Pedro Rodriguez Salor Zuzendari komertziala
- Ignacio Baron Lopez Finantza zuzendaria
Tubos Reunidoseko Amurrioko lantegiko beharginak, aldiz, Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedienteak bata bestearen atzetik kateatzen ari dira, enpresak iaz 56,6 milioi euroko irabazi garbiak izan arren.
Sindikatuek salatu dutenez, multinazionala bere etekinak handitzera bideratzen ari da diru publikoa eta langabezia, egiturazko arazorik ez duen arren.