Margoketa homofoboak agertu dira Amurrion LGTBIQ+ kolektiboaren koloreak dituen bankuan. Hala salatu dute Amurrio Harro taldeko kideek. Larrinaga kalean daude eserlekuak, Juan Urrutia plazaren alboan, eta duela hiru urte margotu zituzten ortzadarraren zein sexu aniztasunaren aldeko koloreekin.
Horrez gain, hortik metro gutxira dagoen Amurrioko Mugimendu Feministaren muralean ere egin dute margoketa:
Kasu gehiago
Amurrio Harroko kideek nabarmendu dute honakoa ez dela bankuak margotuta agertzen diren lehen aldia. "Trans mugimenduaren koloreak dituen bankuan pintaketa bat agertu zen, margotu eta hilabetera. Baina kasu horretan pintaketak ez zeraman mezu iraingarririk", azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari.
Orozkon, aldiz, 2022an margotu zituzten Ibaiondoko parkeko hainbat hiri-altzari ortzadarraren koloreekin, eta biharamunean agertu ziren pintaketak. Kasu horretan, zakil bat eta svastikak margotu zituzten, besteak beste; baina bizilagunek auzolana egin zuten margoak konpontzeko.
Amurrio Harro jaia asteburuan
Amurrio Harroko kideek 2022an ekin zioten jaia antolatzeari Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunaren testuinguruan. Larunbat honetan egingo dute hirugarren edizioa, egun osoko egitarauarekin.