Atzo ekimen herrikoia gauzatu zuten Orozkon, Ibaiondoko parkean egindako margoak konpontzeko. Margo horiek EH Bilduk egin zituen ekainaren 28an, Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunaren testuinguruan, eta hurrengo egunean ezezagunek desitxuratu zituzten. Koalizioak ekintza hori eraso homofobotzat eta transfobotzat jo zuen, eta badirudi herritar gehiago iritzi berekoak izan direla.
Izan ere, EH Bilduk berak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari margoak konpontzeko ekimena ez duela koalizioak deitu, herritar talde batek baizik.
EH Bilduk argitu du, bide batez, sexu eta genero aniztasunaren aldeko margo horiek eraso zuten gauean bestelako pintaketak ere agertu zirela herrian, zehazki, autobidearen azpitik igarotzen den tunelean. Besteak beste, zakil bat eta svastikak margotu zituzten.